"Hitza eta bakea" aldarrikatu ditu Azpeitiko EH Bilduk 'Txiki' eta Otaegiren fusilamenduaren 40. urteurrenean

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 25a

Azpeitiko EH Bilduk ohar bat argitaratu du Angel Otaegi eta  Juan Paredes Manot Txiki fusilatu zituztenetik 40 urte igaro diren honetan; "40 urte luze", diote EH Bilduko kideek. Itxaropen uneak izan badira ere, Aieteko nazioarteko bake konferentzia tarteko, Euskal Herriak bakean bizitzeko "traba eta oztopo" ugari dituela zaldu dute, "batzuk gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako". Hori dela-eta, koalizioak aldarrikatu du "hitza eta bakea" nahi dituen herria dela Euskal Herria. "Ez dira txikira jokatzeko garaiak. Herri bezala hartutako erabakia, bakean eta askatasunean bizitzeko erabakia, muturreraino eramatekoak baizik. Abagune historiko honetan, beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu", nabarmendu dute. Herritarrei eskatu diete bakearen bidean "urratsak ematen jarraitu" dezaten, eta gogorarazi dute "beharrezkoak" direla memoria eta egia jakitea, gertatutakoa ez errepikatzeko. Urriaren 3an Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin du EH Bilduk, Bakea eta erabakia lelopean egingo da, 17:00etatik aurrera. Honakoa da EH Bilduk argitaratu duen oharra: Duela 40 urte gisan, gaur ere, konponbidearen, bakearen beharrean gaude Gure herriaren istoriaren egutegian markatuta geratu den eguna dugu 1975eko irailaren 27a ere. Gure herritarra zen Angel Otaegi fusilatua izan baitzen egun horretan. Frankismoaren azken biktimetako bat dugu Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko beste hiru kiderekin batera. 40 urte. 40 urte luze igaro dira ordundik. Hala ere, bakerik gabeko historiak 40 urte baina gehiago ditu. Azken 175 urteotan, gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik ez du ezagutu Euskal Herriak. Herri honek, modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Eta gaur ere egoera berean gaude. Orain ia lau urte, Aieteko nazioarteko bake konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkion arren Euskal Herriari. Esperantzaz beteriko une haiek, ordea, oztopo eta traba ugari ezagutu dituzte: tamalez, herri honek bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka. Hala ere, batzuk (Espainiar zein frantziar Estatuek) ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako. Bakea bakean biziz eraiki nahi duena da gure herria. Bakean bizitzea erabaki duena. Konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea. Ez dira txikira jokatzeko garaiak. Herri bezala hartutako erabakia, bakean eta askatasunean bizitzeko erabakia, muturreraino eramatekoak baizik. Abagune historiko honetan, beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu. Ezin diegu hutsik egin bakea amets izatetik errealitate izatera igarotzeko hainbeste lan egin duten milaka eta milaka herritarrei. Horregatik, Euskal Herriari eta geure buruari hainbat deialdi egin nahi dizkiegu, zintzotasunetik eta tinkotasunetik. Lehena, jarrai dezagula bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen. Bigarrenik, iraganean jazotakoaren memoria finkatzen joatea. Horretarako derrigorrezkoa da gertatutakoari buruzko egia ezagutzea. Bakerako Euskal Bideak jasotzen duen gisan, gatazkaren ondorioak jasan dituzten guztiek aitortza eta erreparaziorako eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea izan behar dutelako. Bestalde, datorren urriaren 3an Donostiako kaleetan 17:00etatik aurrera, «Bakea, erabakia» lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzea. Bete ditzagun Donostiako kaleak bake eta askatasun egarriz. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Bihur ditzagun bideak pauso eta pausoak bide, Euskal Herriak, azkenean, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongi etorria egin diezaien.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide