Txapela jantzi du berriro ere
Asier Cuevas korrikalariak. Oraingoan, Azpeitiko Udalaren oroigarria jaso du Azpeitian bizi den korrikalari eibartarrak, "lana eta sakrifizioaren" eredu izateagatik. 100 kilometroko munduko txapelketan txapeldunorde izan da Cuevas, eta
jaioterrian ez ezik, Azpeitian ere errekonozimendua egin nahi izan diote. Atzo, osteguna, izan zen ekitaldia Azpeitiko udaletxean, eta bertan izan ziren udal ordezkariak zein cuevasen familia, lagun eta ingurukoak. Korrikalariak azaldu zuen korrikak bakarkako kirola badirudi ere, talde lan handia duela atzetik; horregatik, eskerrak eman zizkien bidelagun izan dituen guztiei: familiari, laguntzaileei eta jarraitzaileei.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak jantzi zion txapela, eta nabarmendu zuen, maila handiko kirolaria izan arren, Cuevas beti dagoela prest herriko probetan parte hartzeko eta laguntzeko. "Nik profesionalek bezala entrenatzen dut, baina kirolari herrikoia sentitzen naiz. Lana, familia eta kirola uztartzen ditut", azaldu zuen Cuevasek. Korrikalariaren familiak ere gogorarazi zuen Cuevasen diziplina eta haren "meritua".