Perez Arregi plazaren eta Damaso Azkue auzoaren artean egingo dituzte saioak, 15:00etan hasita. Tren Museoko eta Julian Elortza Hiribideko autobus geltokiak aldatu egingo dituzte, 20:30ak arte.
Azpeitiko hainbat motorzalek karting eta supermotard erakustaldia antolatu dute larunbat arratsalderako; Azpeitian, Damaso Azkue auzoa eta Perez Arregi plazaren artean muntatutako zirkuituan ariko dira. Irteera eta helmuga Perez Arregi plazan izango dira.Lasterketak 15:00etan hasiko dira. Baina, aurretik, parte-hartzaileek erakustaldiaren nondik norakoen azalpenak jasoko dituzte Etxe Zuri tabernan, 14:00etan. Ondoren, entrenamenduak egingo dituzte, 14:30ean; entrenamendu libreak eta erlojuaren aurkakoak izango dira. Maila bakoitzean 10-15 minutukoak izango dira saioak. Gero, finalaurrekoak jokatuko dituzte, zirkuituari hamar itzuli emanez, eta bukatzeko, finalak; hamar itzulitara hauek ere. Egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da Etxe Zuri tabernan, Perez Arregi plazan, 11:00etatik 12:30era.
Proba dela-eta, Julian Elortza Hiribideko eta Tren Museoko autobus geltokiak ez dira egongo martxan 13:00etatik 20:30era. Horien ordez ingurabidean izango da geltokia, museoko oinezkoentzako zubiaren parean.
Mailatan banatuta
Kartingetan hiru maila egongo dira lehiarako: kimuak eta kadeteak, automatikoak (X30 eta DD2) eta auto abiadura aldagailudunak (KZ2). Haurren mailan hiru parte-hartzailek dute izena emanda, automatikoetan zazpik eta KZ2an hamaseik (horietatik bederatzi azpeitiarrak dira).
Motoen kasuan, bi mailatan lehiatuko dira: moto txikiekin eta supermotard-ekin. Kasu honetan, bi mailak kontuan hartuta 25 parte-hartzailek dute izena emanda.
Zirkuituaren ibilbidea honakoa da: Perez Arregi plazan hasi eta Enparan Dorretxearen atzetik Damaso Azkue auzo aldera hartuko dute, gero handik Julian Elortza Hiribidera joango dira eta, Soreasuko zubitik, berriro Perez Arregira itzuliko dira.
Segurtasuna errespetatu
Erakustaldia ikustera joaten direnek segurtasun neurriak errespetatu ditzatela eskatu dute antolatzaileek. «Ibilbide osoan dauden hesiak eta zintak errespetatzeko eskatzen diegu ikusleei, eta zirkuitua zaintzen ariko direnei kasu egiteko. Segurtasuna oso garrantzitsua baita», esan dute.
Zinta gorriak ipinita egongo diren tokietan ezingo du jendeak egon, eta karting eta motoen probak ari diren bitartean ezingo da ibilbidea zeharkatu.
Proben artean Soreasuko aparkalekua erabilgarri egongo da, eta oinezkoek ere zirkuitua zeharkatu ahalko dute. «Baina, horretarako egokitutako tokietatik ibili beharko dute oinezkoek». Perez Arregiko plazako zati batean ere ezingo du jendeak egon, kartingen eta motoen joan-etorrirako izango delako.
Jaiari jarraipena emateko, Laket taldearen kontzertua jarri dute Perez Arregi plazan, 23:00etatik aurrera.