Azpeitiko karting eta supermotard erakustaldiaren aurkezpena (Nerea Uranga)
Azpeitiko hainbat motor zalek karting eta supermotard erakustaldia antolatu dute larunbat arratsalderako; Azpeitian, Damaso Azkue auzoa eta Perez Arregi plazaren artean muntatutako zirkuituan ariko dira. Irteera eta helmuga Perez Arregi plazan izango da.
Lasterketak 15:00etan hasiko dira. Baina, aurretik parte-hartzaileek erakustaldiaren nondik norakoen azalpenak jasoko dituzte Etxe Zuri tabernan, 14:00etan. Ondoren,
entrenamenduak egingo dituzte, 14:30ean; entrenamendu libreak eta erlojuaren kontrakoak. Maila bakoitzean 10-15 minutukoak izango dira saioak. Gero, finalaurrekoak jokatuko dituzte, zirkuituari hamar itzuli emanez, eta bukatzeko finalak, hamar itzulitara hauek ere.
Egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da Etxe Zuri tabernan (Perez Arregi plazan), 11:00etatik 12:30era.
Kartingetan hiru mailatan ariko dira lehian: Kimuak eta kadeteak, automatikoak (X30 eta DD2) eta auto abiadura aldagailudunak (KZ2). Haurren mailan hiru parte-hartzailek dute izena emanda, automatikoetan zazpik eta KZ2an hamaseik (horietatik bederatzi azpeitiarrak dira).
Motoen kasuan bi mailatan lehiatuko dira: moto txikiekin eta supermotardekin. Kasu honetan bi mailak kontutan hartuta 25 parte-hartzailek dute izena emanda.
Zirkuituaren ibilbidea honakoa da: Perez Arregi plazan hasi eta Enparan Dorretxearen atzetik Damaso Auzo aldera hartuko dute, gero handik Julian Elorza hiribidera joango dira eta Soreasuko zubitik berriro Perez Arregira itzuliko dira.
Segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu dute
Erakustaldia ikustera joaten direnek segurtasun neurriak errespetatu ditzatela eskatu dute antolatzaileek. "Ibilbide osoan dauden hesiak eta zintak errespetatzeko eskatzen diegu ikusleei, eta zirkuitua zaintzen ariko direnei kasu egiteko. Segurtasuna oso garrantzitsua baita. Zinta gorriak ipinita egongo diren tokietan ezingo du jendeak egon, eta karting eta motoen probak ari diren bitartean ezingo da ibilbidea zeharkatu", nabarmendu dute. Proben tartean autoak Soreasuko aparkalekura sartu eta irteteko aukera jarriko dute, eta baita oinezkoak zirkuitua zeharkatzeko ere: "Baina, horretarako egokitutako tokietatik ibili beharko dute oinezkoek". Perez Arregiko plazako zati batean ere ezingo du jendeak egon, kartingen eta motoen joan-etorrirako izango delako.