(Uztarria.eus)
Elkar-gunea lokal berria estreinatu zuten ostiralean Azpeitian, Azoka Herritik egitasmoaren barruan. Soreasun moldatu dute lokala, auzolanean, Elkar-ekin taldeko kideek sustatuta. Elkar-ekinek zehaztu duenez, lau proiekturekin hasiko dira lanean: bigarren eskuko azoka, artisauak, baserritarrak eta arropa bankua.
Ostiral arratsaldeetan, 16:00etatik 20:00etara; eta larunbat goizetan, 10:00etatik 13:30era, egongo da irekita Elkar-gunea. Bigarren eskuko azokaren eta artisauen zerbitzuak egongo dira martxan ordutegi horietan.
Bestalde, baserritarrek saskiak banatuko dituzte, bezeroekin adostutako ordutegietan. Arropa bankuaren proiektua, berriz, urrian hasiko da martxan, eta «pobrezian bizi diren herritarrei» arropa banatuko zaie han. Horretarako, udaleko gizarte zerbitzuen zerrendak erabiliko dituzte.
Bigarren eskuko azoka
Herritar guztiek parte har dezakete bigarren eskuko azokaren proiektuan. Izan ere, «mota guztietako produktuak» jasotzen dituzte han, salerosketarako material edo donazio bezala. Donazio gisa jasotzen dituzten produktuak «modu onean» salduko dituzte, eta «herrian proiektu sozialak bultzatzeko» erabiliko dute dirua. Saltzeko eramaten den materialari dagokionez, irabazien %30 jasoko du Elkar-ekin elkarteak, eta jabeak eta Elkar-gunean dagoen pertsonak adostuko dute prezioa.
Elkar-ekineko kideek azaldu dutenez, gutxienez, hiru euroko prezioa izango dute material guztiek, eta sei hilabetez egongo da saltzen. Epe horretan, produktuen jabeek aukera izango dute prezioak jaisteko, eta materiala etxera bueltan eramaten ere utziko zaie.
Horrez gain, esan dute katalogo bat prestatuko dutela produktu handiak saldu ahal izateko. Argazkiak aterako dizkiete haiei. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Elkar-ekin, eta tokiko garapena zein integrazioa ditu helburu. Hori dela-eta, bigarren eskuko azokan lan egingo duten guztiak boluntarioak dira.