Denboraldiko azken lasterketa irabazi du Oier Ibarguren txirrindulariak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 22a

(Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa) Larratxoko zirkuitoko XXXVIII. lasterketa irabazi ostean, denboraldia bukatutzat eman du Oier Ibarguren txirrindulari gazteak. Larunbatean jokatu zuen azken proba, eta sprintean irabazi zuen Artracciones Sanz taldeko ziklista azpeitiarrak. Euken Gallego (Laguntasuna) izan zen bigarren sailkatua, eta Koldo Velasco (Andoaingo T.E.), berriz, hirugarrena. Sailkapen osoa, hemen. Azken denboraldia jokatu du Ibargurenek jubenilen mailan, eta bost lasterketa irabazi ditu. Garaipenez gain, lau podium eskuratu ditu, eta txapeldunordea izan da Gipuzkoako erlojupeko txapelketan. Txirrindulariak azaldu duenez, "pena pixka batekin" bukatu du denboraldia, "unerik onenean" amaitu zaizkiolako lasterketak: "Oraintxe nago sasoi onenean, eta agur esan behar". Hala ere, hurrengo urterako "motibatuta" dagoela esan du: "Fuerte egoteak indarrak ematen dizkit 23 urtez azpikoetan lehiatzen hasteko". Bestalde, eskerrak eman dizkio Lagun Onak txirrindulari elkarteari, orain arte bere kluba izan denari, urte hauetan guztietan emandako laguntza eta babesarengatik. Parking Geltokia Zarauzko afizionatuen taldean lehiatuko da azpeitiarra datorren denboraldian, eta pistan zein mendiko bizikletan hasiko da, azaroan. (Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide