"Bizitzaren tragikomedia" sentitzeko solasean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 22a

'Solasean' obra egingo dute ostiralean Azpeitian, Soreasu antzokian

Solasean dantza garaikidea Solasean obra eskainiko dute ostiralean Azpeitian, dantza eta antzerkia uztartuta. «Desberdina eta gertukoa» da, eta ikusleek beraien bizitzaren islak sentituko dituztela nabarmendu du Miren Gaztañaga aktoreak. Antzerkia egiteko modu oso pertsonala da, ikus-entzuleek beraien azalean sentituko dute trama. Identifikatuta sentituko dira». Horrela azaldu ditu Solasean obraren berezitasunak Miren Gaztañaga Errenteriako aktoreak: «Dantzak duen antzerki pieza da Solasean, eta izenak berak dioen bezala,komunikazioari eman nahi diogu garrantzia, ikus-entzuleenganako hurbiltasunari». Ikusleek oso gertu izango dituzte, hain zuzen, taldea osatzen duten sei artistak ostiralean. Izan ere, Soreasu antzokian eskainiko dute Solasean. Gainera, estreinaldi bat izango da, lanaren euskarazko estreinaldia. Duela hiru urte sortu zuten antzezpen musikatua, gaztelaniaz: Dialogo. «Bilbon jaio eta lokartu zen Dialogo; une horretan garrantzia gehiago eman genion prozesuari emaitzari baino, gure bizitzek ere hala eskatzen zutelako», azaldu du Gaztañagak. Hori dela-eta, geldirik izan dute obra urteetan, eta euskaraz estreinatzeko jauzia egin du taldeak. Bizitza bera da obra honen abiapuntua eta helburua. Hori dela-eta, «oso pertsonala» izango da aktore, musikari eta gidoilarien lana. «Bizitzaren tragikomedia» dela azaldu du Gaztañagak. Beraz, oholtzaren gainean Miren Gaztañaga ikusteko aukera izango dute ostiralean Soreasura joaten direnek; izan ere, «pertsonaiak alde batera utzi, eta pertsonek hartuko dute lekua» obra honetan. Xabier Agirre, Pilar Andres, Emilio Encabo, Miren Gaztañaga, Gabriel Ocina eta Gabo Punzo dira taldeko kideak, Euskal Herriko eta Espainiako talde anitz bat. «Han-hemengoak gara, eta horregatik sortu genuen antzezlana, hasieran, gaztelaniaz», esan du. Ostiralean ere «elebi ukitua» izango du obrak, aktorearen arabera, «saihestezina» baita halako talde batean. Solasean-ekin zera nahi dute, ikus-entzuleek lagun bat aurkitzea oholtza gainean, beraien bizitzako uneren bat sumatzea eta eguneroko sentipenak usaintzea. Norberak aukera izango du antzerkia bere egiteko, eta pentsatzeko, hausnartzeko. «Saio atsegina izango da ikusleentzat, desberdina, hurbila eta benetakoa», nabarmendu du. Komediaren eta tragediaren artean dantza egingo dute antzezleek, hori baita bizitza; tragedia, batzuetan; komedia, besteetan. Euli Giro antzerkiarekin izan zen Gaztañaga azkenekoz Azpeitian, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan: «Hark ere bazuen ukitu pertsonala, hausnartzera bideratzen zintuena; komunikatzeko beste modu bat deskubrituko dugu orain».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide