Basilio Urbistondo gudaria omendu du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 21a, 11:15

Basilio Urbistondo gudariak omenaldi beroa jaso du (Mailo Oiarzabal/Uztarria) Basilio Urbistondo gudari urrestildarra omendu zuen atzo, igandea, irailak 20, Azpeitiko Udalak. 12:00etan hasi zen omenaldi ekitaldia udaletxeko pleno aretoan, eta bertan bildu ziren Urbistondoren senideak, lagunak, eta EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariak. Udalak loreak eta oroigarria eman zizkion Urbistondori, eta Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza ekitaldian. Etxeberriak azaldu zuenez, "kastako pertsona" da Basilio eta esker hitzak izan zituen berarentzat: "Basilio eta besteek egin zutelako gara, eta guk egiten badugu izango dira. Izen-abizenak dituzte izan direnek eta ez baditugu oroitzen, ez baditugu gogoan eta ez badiegu esplikatzen zer egin zuten, galduta gaude". Etxeberriak gaineratu zuenez, "batzuek dena arriskatu zuten gure herriak eta guk etorkizuna izateagatik, eta dena esaten dugunean dena esan nahi du". 1936ko gerra hasi zenean Urrestillatik alde egin eta, beste gudari batzuekin batera, lehenbizi Zumaiara eta gero Ondarroara joan zen Urbistondo. Bere hiru anaiarekin batera, Errepublikaren alde borrokatu zuen San Andres batailoian. Gerran preso hartu eta hamaika hilabetez gatibu izan zuten Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan. Basilio Urbistondoren bizitzako hainbat pasarte jasota daude Ahotsak.eus webgunean, helbide honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide