Jon Lapeira (E. Albizu Lizaso)
Tornu eta fresadoren lehiaketa irabazi du aurten Jon Lapeirak (Azpeitia, 1996) SpainSkills lanbide heziketako Espainiako txapelketan. Hori dela-eta, tornuen munduko lehia jokatu du Sao Paulon (Brasil), abuztuan.
Zer da zehazki txapelketetan egin duzuen lana?
Munduko txapelketan, lau egunez, launa orduko lana geneukan. Planoa ematen ziguten, eta guk marraztu, programatu eta pieza osoa egin behar genuen. Denbora oso gutxi geneukan dena egiteko; nik, esate baterako, ezin izan nituen bukatu piezak, eta 26 parte-hartzaileetatik zortzirek soilik lortu zuten guztia amaitzea. Ahal nuena egin nuen, eta gustura nago, lan txukuna egin nuelako. Brasilgo txapelketan 1.100 lehiakide inguru zeuden, beraien tutoreekin, lanbide heziketako ziklo guztietakoak, eta 26 lagunek parte hartu genuen tornuen lehiaketan.
Puntuaketa nola egiten dute?
Hiru egun ziren puntuagarriak. Tornuen neurri bakoitzak bere puntuak zituen, eta horiek formula batekin biderkatzen zituzten. 400 eta 600 puntu artean lor daitezke. 500 puntu edo gehiago egiten dituztenei diploma bat ematen diete, bikaintasunaren saria. Hori, ordea, oso zaila da.
Txapelketa, berez, bigarren urteko ikasleentzat da, baina zu lehen urtekoa zinen.
Bai. Bigarren urtekoentzat da, izatez, lehen mailan ez dugulako ikasten CNC makina erabiltzen. Bigarren mailan, ordea, inor ez zen aurkeztu txapelketara, eta guri eman ziguten aukera.
Beraz, eskoletatik kanpo prestatu duzu lehiaketa?
Bai, jakina. Eskolan ez gaituzte prestatzen txapelketan egiten diren ariketetarako. Horrenbestez, sei ordu egiten nituen eskolan; eta, ondoren, beste lau edo bost ordu pasatzen nituen lehiarako ikasten eta entrenatzen.
Lehiakide guztiek prestatzen dute txapelketa eskolatik kanpo?
Beste herrialde batzuetan nabari da WorldSkills-en lehiatzeko prestatzen dituztela ikasleak; harrigarria da asiarrek zer gaitasun eta azkartasun duten. Hezkuntza sistema desberdina da, lehiaketa irabaztera bideratzen dituzte haiek; gu, berriz, lanerako prestatzen gaituzte. Hemen beharrezkoa da eskoletatik kanpo prestatzea. Niri asko lagundu didate IMHko tutoreak eta IƱaki Hernandez azpeitiarrak. Hernandezek ere irabazi zuen SpainSkills, 2013an.
Desberdintasun gehiago sumatu dituzu beste herrialdeetako parte-hartzaileengan?
Erreminta askoz gehiago eraman zituzten. Gure tresnak nahiko onak ziren, baina japoniarrek eta korearrek erremintaz betetako gurdiak zituzten, bi aldiz lanabes gehiago zituzten. Gainera, ikusten zen makina guztiak ezagutzen zituztela, baita haien funtzionamendua ere. Herrialdeen arteko alde ekonomikoak ere agerian gelditu ziren. Suitzako parte-hartzaileek labana, bihurkina eta intsigniak oparitu zizkiguten, eta guk intsigniak soilik genituen. Aurrekontu gehiago zuten denerako.
Espainiako selekzioarekin joan zinen. Hezkuntza sisteman egiten den inbertsioaren isla izan daiteke hori?
Bai, uste dut ez dela behar bezainbeste inbertitzen hezkuntzan. Gaztela-Mantxako mutil bat joan zen gurekin hara, eta 50 euroko erreminta kaxa bat bakarrik eman zioten. Besteek askoz tresna gehiago zituzten, eta berak ezin zuen behar bezala lehiatu horrekin. Espainiako inork ez zuen dominarik eskuratu, onenak zazpigarren postua lortu zuen. Hezkuntza zaindu egin behar da, lehengaia baita.
Zer ekarpen egin dizu, profesional bezala, esperientziak?
Asko balio izan dit pauso bat gehiago emateko ikasle eta langile bezala. Jende asko ezagutu dugu, mundu osokoa. Azken egunean, adibidez, korear batekin lana egiteko aukera izan nuen.
Zuk lanbide heziketara jo zenuen gustukoa zenuelako, baina, oro har, jende askok lotzen du ikasteko gogo gutxi duen jendearekin. Zer esango zenieke halakoei?
Nirea erabaki kontzientea izan zen, eta uste dut aukera ona egin nuela. Pasatu zitzaidan burutik ingeniaritza egitea, baina lanbide heziketa aukeratu nuen. Izan ere, gehiago gustatzen zait makinak erabiltzea eta eskuz lanak egitea. Erabakia hartu nuen, eta gero eta gehiago gustatzen zait mundu hau.
Zalantzak dituen bati, berriz, zer esango zenioke?
Proba egiteko. Gustukoa baduzu, ez da inondik inora karrera bat baino gutxiago, nahiz eta jendeak gutxietsi. Ingeniariek aukera izan dezakete lanpostu hobeak lortzeko, edo ez; baina gure esparruan ere bada lana, gogoa jarriz gero. Gogorik ez duenak ez du izango aukerarik inon, ikasten duena ikasten duela.
Zuk, adibidez, ikasi eta lana batera egiten dituzu.
Bai, goizez eskolara joaten naiz, eta bazkal ostean, lantegira. Beraz, 8:00etatik 18:00ak arte jarduten dut ikasten eta lanean. Gero, denbora dut entrenamenduetarako edo bandako entseguetarako ere, besteak beste.
Kirola ere egiten duzu. Lanbide heziketako txapelketaren prestaketa lotu daiteke kirol lehiaketa batekoarekin? Jarraikortasuna, diziplina.
Bai. Zera dute desberdina, exijentzia fisikoa ez dela horrenbestekoa tornuko txapelketetan, eta jendearentzat ere ez dela ikusgarria. Bestela, bai: entrenatu egin behar duzu, erregulartasuna eskatzen du eta beti hobetzen joan behar duzu. WorldSkills, adibidez, ligaxka bat bezala zen, hiru egun ziren puntuagarriak, eta tentsioa mantendu behar zenuen beti maila ona emateko.
Oihartzun handia izan al du zure lorpenak inguruan?
Izan du oihartzuna, baina inguruko jendearengan. Hara joan aurretik zoriondu ninduten, baina ez zekiten ziur zen egin nuen. Pena da; izan ere, sekulakoa da lehiaketa. Mundu mailakoa, behintzat, uste nuena baino askoz profesionalagoa, ederragoa eta erakargarriagoa da: izugarria. Espainiako lehian ez, baina Brasilen jendea izaten genuen animatzen, gure izena ohiukatzen, eta kamisetak sinatzeko ere eskatu ziguten. Antolatzaileek ere bikain zaindu gintuzten, profesionalen tankerara.
Baduzu berriro aurkezteko asmoa?
Ez dakit bi aldiz parte hartu daitekeen. Hala ere, nahiago dut esperientzia hau bizitzeko aukera beste bati ematea. Neurekoikeria izango litzateke berriro joatea. Jendeari opa diot probatzea. Gogor egin behar da lana, baina esperientzia bizitzea merezi du.