Irailaren 26an izango da, afari garaian, Azpeitiko Berdura Plazan. Azpeitiko Sagardozaleen Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu dute. nerea uranga
«Aspaldiko ametsa» beteko dute irailaren 26an Azpeitiko Sagardozale Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak: Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa jokatuko da Azpeitian. Berdura Plazan egingo dute txapelketa, afalduz, eta afaltzera joaten direnek sagardo denak dastatu eta puntuatuko dituzte, eta bertan aukeratuko dute txapelduna.Azpeitia aukeratzeko orduan, bertako sagardozaletasuna eta Azpeitian Santio Egunez egiten den sagardo txapelketaren tradizioa izan dituzte kontuan; aurten Azpeitiko 48. Sagardo Txapelketa egin da. Afaltzera elkartutakoek, zortzinako taldeetan, sagardoak puntuatuko dituzte, eta aurrena zortzi onenak aukeratuko dituzte. Ondoren, zortzi horiek dastatu eta erabakiko dute sagardorik onena. Dastatzeko orduan epaile izango diren afarikideek ez dute jakingo zein sagardo dastatzen ari diren. Bukaera arte ez dira jakingo loteak zein sagardogilerenak diren.
Txartelak aurrez salgai
Irailaren 26an izango da txapelketa, 20:30ean, Azpeitiko Berdura Plazan. Afari horretara joan eta era berean txapelketako epaile bezala aritzeko aurrez txartela erosi behar da, 30 eurotan. Txartelak salgai daude Azpeitiko Pastorkua tabernan eta Iraurgi Saskibaloi Taldearen ISB tabernan eta Astigarragan Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943-33 68 11). Tokia mugatua izango da, 250 lagunentzako lekua egongo baita. Afaria bertako produktuekin osatutakoa izango da.
Nahi duten Euskal Herriko sagardogile guztiek parte hartzeko aukera dute, aldez aurretik izena emanda. Izena emateko epea gaur bukatzen da. Ostirala bitartean 29 sagardotegik zuten izena emanda.