Oier Ibargurenek irabazi du Udazkeneko Kriteriumeko lehen lasterketa

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 14a

Larunbateko lehen proba irabazi zuen azpeitiarrak, eta laugarren postua lortu du sailkapen nagusian.

Oier Ibarguren, helmugara iristear (Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa) Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarrak (Atracciones Sanz) irabazi du gazteen Udazkeneko Kriteriumeko lehen lasterketa, Oñatin (Gipuzkoa). Koldo Velascorekin (Andoaingo) batera iritsi zen helmugara, eta sprintean nagusitu zen azpeitiarra larunbateko lasterketan. Hiru sektorek osatzen dute kriteriuma, bi lasterketak eta erlojupeko probak; laugarrena izan da Ibarguren sailkapen nagusian. Asier Etxeberriak (Quesos Albeniz), Xabier Murgiondok (Ulma) eta Koldo Velascok (Andoaingo) osatu dute, hurrenez hurren, podiuma. Larunbat goizean hasi zen kriteriuma, eta atzo, igandea, bukatu zen. Erlojupeko proban bosgarren postua lortu zuen, lehenak baino 24 segundo gehiago behar izan baitzituen amaitzeko. Atzoko, igandeko, lasterketan, berriz, seigarren sailkatua izan zen. Azken urtea du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko ziklistak gazteetan, eta Parking Geltokia talde zarauztarrarekin lehiatuko da datorren denboraldian, 23 urtez azpikoen mailan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide