Elduaien eta Bereziartua, Azpeitiko Udaleko zinegotziak (E. Albizu Lizaso)
Hitza Hats euskararen aldeko jaia antolatu dute hazpandarrek irailaren 25erako eta 26rako. Hirugarren aldia da aurtengoa, eta 30 elkarte eta 60 boluntario inguruk parte hartuko dute egitarauan. Hazparne (Lapurdi) Azpeitiarekin senidetutako udalerria izaki, han izango dira herriko zenbait eragile ere; hala nola, Itsasi dantza taldea, Gaztetxea eta Skandalue elektrotxaranga. 3.000 ikusle espero dituzte antolatzaileek.
Euskara eta euskal kultura sustatzea eta Azpeitiarekin lotura sendotzea dira Hitza Hats egunaren xedeak, eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotziak esan du herritarren parte hartzea «garrantzitsua» izango dela: «Mugaz beste aldera euskara eta gure kultura sustatzeko ardura dugu, eta beraz, herritarrak animatu nahi ditugu festan parte hartzera».
Autobusa doan Azpeitiko Udalak autobusa jarriko du doan, hilaren 26an, larunbatean, egun hori delako ekitaldi gehien dituena. «Izena ematen dutenen kopuruaren arabera, autobus bakarra edo gehiago jarriko ditugu, itzulera ordu desberdinekin. Hori aurrerago jakinaraziko dugu», azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak.
Duela 28 urte senidetu ziren Azpeitia eta Hazparne udalerriak, Imanol Elias alkate zela, 1987an. Hasieran, indar handia zuen senidetzeak, eta ekintza ugari egiteko ohitura zuten bi udalerriek batera. Hutsunea egon zen, ordea, zenbait urtetan, Hazparneko egoera politikoa tarteko.
Oraingoan, berriro heldu nahi diote lankidetzari, eta 30. urteurrenari begira zerbait berezia prestatzekoak dira. «Bi urte falta badira ere, lanean hasi behar dugu, eta datozen asteetan lantalde bat sortuko dugu, 30. urteurrena prestatzen hasteko», azaldu du Elduaienek. Azpeitiko taldeez gain, Zarautzeko batek ere parte hartuko du Hitza Hats egunean; Anestesia musika taldeak.
Egitaraua
Ostirala, irailak 25
20:00. Kantaldia Misionesten kaperan; Maddi Oihenart, Jean Mixel Bedaxagar eta Gimtak.
Larunbata, irailak 26
10:30. Hazparneko karriken alaitzea: joaldunak, ziganteak eta Azpeitiko Skandalue elektrotxaranga.
10:30. Altxor jokoa.
12:30. Mutxiko eta neskak.
13:00. Bio bazkari alaitua, Ble elkartearen partaidetzarekin.
16:30. Totem lehiaketa gaztetxeen artean. Azpeitiko Gaztetxea izango da gonbidatua.
18:00. Itsasi Azpeitiko dantza taldearen ikuskizuna.
20:00. Kontzertu gaualdia eta sorpresak.