Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aho batez onartu zuten atzoko, astearteko, udalbatzan adireazpen instituzionala. Datozen egunetarako bilerak antolatuko dituzte siriarrei nola lagundu adosteko.
EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin, babes herri izendatu dute Azpeitia Siriako gerrako errefuxiatuentzat. Atzoko, astearteko, ezohiko udalbatzan onartu zuten adierazpen instituzionala. Adierazpenean argitu dute errefuxiatuei nola lagundu aztertu ostean, beste erakunde batzuekin harremanetan daudela, "modu koordinatuan" lana egiteko. Ainhoa Beristain zinegotziaren arabera, alferrik da herri bakar batek gaia lantzea, eta esan du "beste erakundeekin lan egin eta adostasun zabalak lortu" nahi dituztela. Beraz, herritarrekin bilera irekia antolatuko du datozen egunetan, babes herri gisa zer egin eta nola jokatu aztertu eta ekarpenak jasotzeko.
Hona hemen atzoko Udalbatzak onartutako adierazpen instituzionala:
Gerra eta gosetik ihesi datozen errefuxiatuen gaia benetan konplexua da, baina edozein herritarren giza eskubideak edozer egoeretan errespetatu behar dira. Horregatik, guri dagokigunean, ezin ditugu alanbreak, hesiak eta poliziak erabiliz erantzun. Azpeitiko Udalak elkartasuna erakutsi behar du, eta beste hainbat udalekin eta erakunderekin bat egitea nahi du denon artean koordinatuz, eta babes-herri udal sare bat antolatuz.
Honengatik guztiarengatik, Azpeitiko Udalari honako oinarrietan elkartasuna adierazteko eskaera luzatzen dugu:
1.- Europar Batasuneko estatuetako agintariei krisi humanitario honi justiziaz eta elkartasunez erantzuteko eskatzen diogu, errefuxiatuentzako bitartekoak jarriz eta ateak ez itxiz.
2.- Neurri berean, Euskal Herriko beste udal eta erakundeekin modu koordinatuan lan egiteko konpromisoa hartzen du Azpeitiko Udalak, errefuxiatu hauei laguntzeko bere bitartekoak jarriz.
3.- Ondorioz, Azpeitiak Siriako eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten errefuxiatuei laguntzeko prestutasuna adierazten du, konpromiso bera duten beste udalekin eta erakundeekin; eta herritarrekin, lan eginez gure baliabideen baitan, denok batera tragedia honi aurre egiteko, modu integralean eta neurri zehatzak hartuz.