Asteburuan Lodosan (Nafarroa) izan da Azpeitiko
Zezen Beltz taldea eta beste hainbat herritar (denera 35 bat lagun),
Sokamuturraren XII. Kongresuan, Azpeitiko sokamuturra erakusteko eta hari buruzko kontuak azaltzeko. "Helburuak beteta" itzuli dira handik.
Ostiralean hasi zen topaketa, irekiera ekitaldi batekin. Sokamutur saioak, berriz, larunbat goiz eta arratsaldean eta igande goizean izan ziren. Denera, 18 herritako erakustaldiak. Azpeitikoa larunbat arratsaldean izan zen. Larunbatean aurretik, topaketa gastronomiko batean hartu zuten parte, postu bat jarriz hemengo produktuekin. Bertan, Azpeitiko sokamuturreko irudi eta testu batzuk ere jarri zituzten ikusgai.
Larunbat arratsaldean Azpeitian egin ohi den sokamuturra Lodosako kaleetan egin zuten Eulogio Mateo ganadutegiko bi idiskorekin eta Azpeitiko sokamutilek hiru lekutan lotu zuten zezena, erakustaldirako propio jarritako argoiletan. Izan ere, Azpeitiko sokamuturrean baino ez zuten lotu zezena; besteetan sokarekin ibili zuten zezena, lotzeke. Bigarren idiskoarekin ustekabea ere izan zuten, lepoko koilarea hautsi egin zitzaiolako. "Suertez, zezenak gertu zeukan zezen plaza, harainoko bidea dena hesiekin zegoen, eta zuzenean sartu zen han, ezbeharrik gertatu gabe. Orduan bukatu zen Azpeitiko saioa, uste baino 5-10 minutu lehenago", esan dute Zezen Beltz taldekoek. Saioarekin gustura gelditu ziren azpeitiarrak, eta baita parte-hartzaileak ere.
Igandean ere beste erakustaldi eta ekitaldi batzuk izan ziren. Baina, azpeitiarrentzako egun tristea izan zen: "Goizean goiz abisatu ziguten Azpeitiko auto istripuaz. Zezen Beltzen partetik ere doluminak eta animoak ezbeharreko biktimen sendiei eta inguruko besteei".
Gainontzean, Lodosako kongresua ondo antolatuta zegoela eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei, Azpeititik hara joandako herritarrei eta Agustin Lizarralde Azpeitiko udal zinegotziari.
Zezen Beltz taldea orain urrira begira jarriko da, Zezen Beltzen asteburua antolatzeko.