Maria Pilar Oiartzabal omenduko dute igandean Legazpin, Gipuzkoako Artzain Egunean.
Igandean Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Bertan, besteak beste Matxinbentako Largarate baserriko Maria Pilar Oiartzabal omenduko dute. Jaiotzez gertu dagoen Arrinkorta baserrikoa da, eta Joxe Segurolarekin ezkondu ondoren joan zen Largaratera. 17 urterekin neskame joan zen Donostiara, eta 24rekin ezkondu zen. Largaraten oso ardizaleak ziren, artzainak ziren han, eta Oiarzabal ere ardiak zaindu eta gaztak egiten hasi zen etxekoekin batera. Zazpi seme-alaba izan eta haurrak eskolara hasi zirenean kalera jaitsi ziren bizitzera, baina Largaratera ia egunero joaten ziren. Seme zaharrenak eskolak bukatu eta berriro Largaratera itzuli ziren. Oiartzabal gazta saltzera asteartero Azpeitiko azokara jaisten zen. Gaur egun oraindik ere badituzte ardiak, baina etxeko kontsumorako.
Oiartzabalekin batera Juan Jose Murgiondo
Aierdi eta Rosario Belastegi senar-emazte bergararrak ere omenduko dituzte Gipuzkoako Artzain Egunean. Omenduko dituzten artzain amerikanoak, berriz, Felix Sarratea, Santi Hualde eta Joxe Mitxeo nafarrak izango dira. Legazpiko Udala ere omenduko dute.
Omenaldiez gainera, Gipuzkoako Artzai Gazta lehiaketa eta artzain txakur lehiaketa ere jokatuko dira. Aurten
Gipuzkoako Artzain Egunak 25 urte beteko ditu.
Ekitaldiak orduz ordu
Legazpian ospatuko den festako postuak 10:00etan irekiko dituzte, Euskal Herria plazan eta Azoka gunean. Goizez, Artzai Gazta elkartekoek gazta salduko dute eta ardi latxa arrazako ardi eta aharien erakusketa egongo da.
11:00etan hasiko da Artzai Gaztaren lehiaketa eta gazta dastatzea, eta 11:30etik aurrera sagardoa dastatzeko aukera izango da, besteak beste.
Omenaldiak eta sari banaketa 13:00etan izango dira. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean. Txartelak goizean zehar salgai egongo dira.
Arratsaldez, 17:30ean, Gipuzkoako 47. Artzain Txakurren Txapelketa jokatuko dute Urtatzako zelaian,
pantanoko bidean. Sei artzainek parte hartuko dute: Aitor Tato ataundarrak, Jabier Zubiaurre mutrikuarrak, Jesus Mari Plazaola arrasatearrak, Juan Jose Arrizabalaga elgoibartarrak eta Migel Arregi eta Joxe Mari Bengoa oñatiarrek.