Bizikidetzan, gizarteak aspaldi pasatu zituen politikariak eta komunikabideak, abiadura ikaragarrian. Benetakoa da bizikidetza, eta atzera bueltarik gabekoa. Edonork ikus dezake egunerokoan.
Nire ustez, bizikidetzaren inguruan gaur egungo eta etorkizuneko planteamendua da garrantzitsuena, iragana ezin baitugu aldatu. Ardatza konpromisoa da, baina zein da konpromisoa? Hitz batekin esateko, errespetua.
Arlo politikoan (gustatuko litzaidake arlo sozialean ere horrela izango balitz, baina zaila ematen du azken egunetan ikusten ari garen errefuxiatuen argazkiak ikusita) ez da onartzen giza-eskubideen urraketarik. Ondorioz, denon konpromisoa da giza-eskubideen urraketarik gabe eraikitzea gaurko eta etorkizuneko gizartea. Horretarako, gaur egun gertatzen ari diren urraketa guztiak salatu behar ditugu. Hala ere, tamalez, uste dut salaketa batzuk ez direla intentsitate berdinarekin egiten, adibidez, auzi politikoak eta ondorioak, dispertsioa… eta horrek giza-eskubideen urraketaren inguruko konpromisoa asko ahultzen du, eta joko politiko bateko zati bezala kokatzen du. Hau da, batzuei iraganean gertatutako eskubide urraketak batzuk aurpegiratzen zaizkie etengabe; eta, aldiz, beste urraketen inguruan inork ez du ardurarik bere egiten, eta txarrena zera da, gaur egungo urraketek ez dutela garrantziarik: ez dira salatzen edo ez, behintzat, indar handiarekin.
Beraz, garrantzitsuena etorkizuneko gizartea eraikitzeko konpromisoa izanik, uste dut lortutako adostasun handi hau zaintzea eta indartzea dela oinarri nagusia, eskubide urraketarik ez gertatzearen alde lan egitea, eta gertatzen badira haiek ez onartzea.
Bestetik, iragana ezin dela ahaztu uste dut. Iraganak ikasgai handiak ematen dizkigu eta etorkizunerako tresna ezinbestekoa da. Biktimek egia jakiteko eskubidea dute, eta hori erakundeen ardura dela uste dut (eskubideek obligazioak ekartzen baitituzte). 1936ko gerrarekin lanean ari gara, baita gertuago ditugun garaiekin ere, eta Euskal Herriko Udal bakarra izango da Azpeitiko Udala etxeko lanak eginda dauzkana. Udalak 1960-2014 artean sortutako eskubideen urraketak jaso zituen Javi Buces, Paco Etxeberria eta Carlos Martin Beristainek (Aranzadi) egindako lanaren bitartez. Jaurlaritzak daukan ikerketa horretan bizitza eskubidean aurkako urraketez gain beste hainbat urraketa jasotzen dira, hain justu, Azpeitian 97 biktima identifikatu dira. Beraz, jasoko dugun informazioa badugu, eta modu sakon eta zabalagoan. Bileran jasoko duguna gurearekin kontrastatuko dugu.
Azkenik, aitorpenaren atala ere landu behar dugu. Udalak edozein biolentzia jasan duten biktima guztiak babestu eta errekonozitzen ditu, eta une honetan ere biktima bakoitzak eta guztiek jasan behar izan duten sufrimenduagatik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahiko nieke publikoki bilera horretara agertuta. Beraien sufrimenduaren aitorpena eta errekonozimendua. Egoera injustuen biktimak dira.
Beraz, bileran egiten zaigun planteamendua modu konstruktiboan eta positiboan jasoko dugu; iraganari dagokionez, ahalik eta zabaltasun handienekin errekonozimendu maila indartzearen alde egingo dugu, eta gaur egungo eta etorkizuneko eskubideen errespetua aldarrikatu dugu.
Iragana ezin dugu aldatu, baina etorkizuna guk eraikiko dugu. Eskubideen errespetuan oinarritutako Azpeitiko gizarte berritua eraikitzea denon ardura da, denon parte-hartzea eta konpromisoa behar du. Elkarbizitzak denok behar gaitu. Eta zentzu horretan, Udalak bere esku dituen tresna guztiak jartzen jarraituko du".
Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea.