Frontoi Txikian paradixurik ez Azpeitia 1965, izan zirelako gara, garelako izango dira

Usua Garin Erentxun, Paradixu Zinema Zineforum Taldearen Izenean., Aitor Unanue Albizuri. 2015eko irailaren 3a

Dagoeneko bi urte igaro dira Paradixu Zinema martxan jarri genuenetik. Zinemaz gozatzeaz gain, filmak jendartea eraldatzeko tresna ere badirela sinisten dugun talde txiki bat gara. Hilean bitan elkartzen gara Gaztetxean eta herritar ororentzat emanaldi...

Dagoeneko bi urte igaro dira Paradixu Zinema martxan jarri genuenetik. Zinemaz gozatzeaz gain, filmak jendartea eraldatzeko tresna ere badirela sinisten dugun talde txiki bat gara. Hilean bitan elkartzen gara Gaztetxean eta herritar ororentzat emanaldiak antolatzen ditugu, filmak ikusi, merienda goxoak prestatu eta solasaldi interesgarri bezain aberasgarriak izanez. Beste talde batzuekin ere egin izan ditugu zineforumak, hala nola, Zarauzko mugimendu feministarekin. Nabarmentzekoa iruditzen zaigu gure ekimenetara adin eta jatorri anitzeko jendea gerturatzea lortu dugula.

Udako gau-giroa aprobetxatuz eta beste urte batzuetan ere egin izan den moduan, Paradixu Zinema kalera ateratzea pentsatu genuen iaz, gure lana Gaztetxetik kanpo ere ezagutarazi eta herritar gehiagorengana hurbiltzeko. Horrela, bi film ikusi genituen Frontoi Txikian.

Iaz bezala, aurten ere Frontoi Txikian hiru film jartzeko asmoa genuen. Elektrizitate eta argiztapen egokirako udalari eskaera egin eta baimena genuelakoan (beraiek hala esan baitziguten) lehen filma ipini genuen uztailaren 16an. Aipatzekoa da hurbildu ginen gazteez gain haur eta helduak ere gerturatu zirela.

Bigarren filmerako data heltzear dela, udalari eskatutako baimenaren erantzun ofiziala heldu zaigu. Bertan, orain arte eskatu gabeko baldintzak ezarri dizkigute, tartean 150.000 euro arteko asegurua eta 300 euroko fidantza bat. Paradixu Zinemak ez du inongo etekin ekonomikorik ateratzen egindako proiekzioetatik. Guk borondate truk funtzionatzen dugu. Informazio kartelak, film osteko mokaduak eta Gaztetxera ekarri izan ditugun zuzendari eta film-egileen gastuak, emanaldietan jendeari eskatutako borondateari esker ordaindu ditugu. Ezin diogu udalak eskatzen digun gastuari aurre egin. Ez gaude ados gu bezalako talde bati horrelako baldintzak eskatzearekin. Gainera, ez dugu uste film-emanaldiek ia arriskurik dutenik. Horregatik, eurekin biltzea erabaki genuen gure iritzia helarazi eta akordio batera iristeko asmotan. Udalaren erantzuna berdina izan da berriro ere, baldintzak horiexek direla. Ulertzen dugu kalean ekimenak egiteko baldintzak ipini behar izatea batzuetan, baina gure film emanaldietarako neurrigabekoak irizten diegu baldintza horiei.

Guk kultura kalean ere egin daitekeela sinesten dugu, eta halaxe frogatu izan dugu, herritik herriarentzat eta denon eskura jarriz. Udalak, horrelako ekimenen aurrean zerbait egitekotan, lagundu eta erraztu egin beharko lituzkeela iruditzen zaigu. Baimena lortzeko ezarri dizkigun baldintzekin argi dago oztopatu besterik ez duela egiten gure ekimena.

Baldintza hauei aurre egin ezinda eta balizko isunei aurre egiteko gogorik ez dugunez, bertan behera utzi ditugu Frontoi Txikian ikusi behar genituen bi filmak. Edozeinentzat irekia dagoen Putzuzulon izango dira ikusgai udarako azken filmak.

Eskerrik asko orain arte gurekin momentu, iritzi, sentipen, istorio, borroka, bizipen eta filmak trukatu dituzuen guztioi. Paradixu Zineman ikusiko gara!

Hezkuntza irauliko zuen olatu berriaren ikasturte hasiera, 1965.

Bilbo 1957, Donostia 1960, Elgoibar 1962, Orereta 1963... Azpeitia 1965.

Harrezkero 50 urte, zenbaki borobila memoriak astintzeko. Hezkuntza gune berri bat helburu, herritarrak lanean hasi zireneko aktibazio hura. Musutruk, lanorduetatik kanpo, asteburutan, jaietan... une historikoa herri batentzat.

Lana, orduak, dirua... ipini eta ipini, pilatu eta pilatu. Irakasleak prestatu, lokalak... adreiluz adreilu, festarik festa, saninazioz saninazio. Elkartasunez, bostekoa emanik, herri bat ilusioz etorkizuna eraikitzen. Nonbait, ez zituen asetzen eskaintzen zen hezkuntza zerbitzuak, bestelako zerbait nahi zuten eskuetan gure herrian ere. Tokian tokiko hizkuntzan eta kulturan, euskaraz eta euskal kulturan heziko zuena. Bestelako harremana landuko zuena, bestelako komunikazioa. Bortizkeriaren hainbat adierazpen atzean utziko zituena; zigor fisikoak, sexuen arteko bereizketak edo tokiko hizkuntza eta kulturaren ukazioa.

Eta gaurkoa, orduko lanaren fruitua delakoan; izan zirelako gara.

Lanak ez du etenik izan, gizaldi erdiz, generazioz generazio, etorkizunak lotan harrapa ez gaitzan, moldatzen, egokitzen, behar berriei erantzuten.

Egunero bada eta arrazoirik hezkuntzaren alde aritzeko, hezkuntzaren kalitatea hobetzen joateko motiborik, eta iraultza berri bati hasiera emateko aukerarik.

Garelako, bihar ere heurek nahi bezalakoak izan daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide