Zurt ISB taldeko neskak, pasa den denboraldiko partida jokatzen. (Eneritz Albizu Lizaso)
Irailaren 26an hasiko du denboraldia Iraurgi SBko senior nesken taldeak Espainiako Liga Gorenean. Pasa den denboraldian, maiatzean, Espainiako bigarren mailara igotzea lortu zuen Zurt ISB taldeak, baina azken orduko arazoak tarteko, lehenengo mailan arituko dira orain Iraurgiko neskak. Spar Gran Canaria taldearen aurka lehiatuko dira, etxean, Azpeitiko kiroldegian. Liga hasiera ez da erraza izaten ari, ordea. Izan ere, abuztuaren 16an Maier Lizaso elkarteko lehendakariak iritzi artikulu bat argitaratu zuen hedabideetan, lehen mailari eusteko oraindik babesle nagusirik lotu gabe izateak sortzen zion "kezka" azalduz.
Dena den, azken asteetan itxaropena nagusitzen ari da. Izan ere, Lizasok
Hitzari jakinarazi dio bilera bat hitzartu dutela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariekin. "Beraiekin bilduko gara eta, beti bezala, laguntza eskainiko digute". Itxaropen hori agertu du. Erakunde publikoei laguntza eskatzeaz gain, babesle pribatuie ate joka ere jarraitzen dute. "Oraindik ez dugu lortu, baina horretan ari gara". Autofinantzazioa hobetzeko kanpaina berria prestatzen ere ari dira, eta maila igoerarekin bazkide berriak lortzeko esperantza dute. Esaterako, asmoa dute ligako partidak Azkoitian eta Azpeitian jokatzeko. Azkoitiko kiroldegiko saskibaloi pistak berritu dituzte, eta aurrerantzean bertan ere jokatu nahi dute.
Diru kontuak alde batera utzita, kirol arloaz ere aritu da Lizaso. "Denboraldia hasteko izugarrizko ilusioa dugu, neskek beraiek batez ere, eta baita beldur pixkat ere. Espainiar ligako jokalari onenak etorriko dira herrira, eta neskek egin behar duten esfortzua handia da, bidaiak asko ugarituko zaizkielako eta maila izugarria izango delako".
Gizonei dagokienez, urrian hasiko dute denboraldia. Kirolari dezente fitxatu dituzte, baina ISBko lehendakaria ez da ahazten klubaren benetako izaeraz. Sei gipuzkoar daude gizonen taldean, eta zortzi emakumeenean. "Guk aspaldi nabarmendu genuen, ahal den neurrian, taldea bertako jokalariez osatzearen garrantzia".