Irailaren 18an eta 19an Azoka Herritik egingo dute Azpeitian, Elkar-ekinek herriko taldeekin batera antolatuta. Azokaren barruan Bigarren Eskuko Azoka ere egingo dute.
Aurten, ordea, azokak berezitasun bat izango du, Soreasun Elkargunea irekiko dute. Toki horretan, astean bitan Bigarren Eskuko Azoka edukiko dute zabalik.
Bigarren Eskuko Azoka osatzeko era guztietako produktuak jasoko dituzte: janztekoak, etxeko eta lan txikietarako tresna elektrikoak, aisialdirako gauzak, etxeko osagarriak eta apaingarriak, liburuak, haurrentzako jostailuak...
Saltzeko eta donazio bezala
Produktuak saltzeko eta donazio bezala eraman daitezke. Saltzeko produktuen kasuan %30 Elkar-ekin taldearentzako izango da. Saltzeko emandako produktuen gutxieneko prezioa 3 eurokoa izan beharko da. Eta, prezioak adostutakoa izan beharko dute, saltzeko dagoenaren eta hartzekodunaren artean. Produktu bat saltzeko sei hilabeteko epea jarriko dute, eta aurretik jasotzea nahiko balu jabeak horretarako aukera izango du, eta baita epe horretan prezioa jaistekoa ere.
Donazio bidez jasoko duten materiala, berriz, merke jarriko dute salgai, herritar ororentzat eskuragarri izateko. Saldutakotik lortutako dirua herrian proiektu sozialak bultzatzeko erabiliko dute.
Produktu handiak direnak argazki bidez jarriko dituzte salgai. Horretarako Elkar-ekinek katalogo bat prestatuko du.
Produktua Elkargunera garbi eta txukun eraman beharko du jabeak.
Bigarren Eskuko Azokarako material bilketarako egunak eta tokiak
- Soreasun, Elkargunean: irailaren 7tik 11ra eta 14tik 16ra, 18:00etatik 20:00etara jasoko dute Bigarren Eskuko Azokarako materiala. Irailaren 5ean eta 12an, 10:00etatik 12:30era.
- Sanjuandegiko Auzo Lokalean, donazioan emandako materiala bilduko dute: irailaren 7tik 11ra eta 14tik 16ra 18:00etatik 20:00etara. Irailaren 5ean eta 12an, 10:00etatik 12:30ak bitartean.
- Gazte Informazio Bulegoa: donazioak jasoko dituzte.
- Urrestillako dendan: donazioak jasoko dituzte.
Elkargunea, irailaren 18tik
Elkargunea irailaren 18an irekiko dute Soreasun, eta ordutik materiala eramateko, kodifikatzeko eta saltzeko tokia hura izango da. 18an inauguratuko dute, baina 19:00an hasiko dira salmentekin. Soreasuko Elkargunearen proiektua Elkar-ekin taldeak bultzatutakoa da, bere sorrerako helburuei bultzada emateko. "Soreasun kokatuko den espazio horrek Elkar-ekinek hiru urtean egin duen lanaren jarraipena izan nahi dugu, hainbat proiekturi iraunkortasuna eman nahi diegulako. Hasiera egitasmo zehatz batzuekin emango badiogu ere, espazioa eta bertako jarduerak herritarrei erabat irekiak egongo dira", azaldu dute Elkar-ekinetik.
Azken hilabeteotan auzolanean egokitu dute Elkargunea.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide