Maila handiko kirolariak
Azpeitian jokatutako probetan, «oso maila ona» erakutsi dute kirolariek, Garikoitz Llobregat Almitza Sega elkarteko kide eta txapelketako koordinatzailearen hitzetan. «Faboritoen artean zeuden segalari asko ez dira lehen hamarretan sartu, eta horrek erakusten du kirolari onak eta ondo prestatuak izan ditugula txapelketan», azaldu du. Hego Tirolen «nagusitasuna» nabarmendu du, bestalde, Almitzako kideak. Euskal Selekzioari buruz, berriz, esan du «gehiago» espero zutela, eta «pattal antzera» sentitzen direla emaitzak tarteko. Emakumeek, ordea, hirugarren postua lotu dute taldeka, eta emaitza «ona» dela azaldu du Almitzako kideak.Kultura eta jaia
Kirolaz gain, berebiziko garrantzia izan du sei nazioetako kulturen arteko harremanak Sega Txapelketan. Hiru eguneko egitaraua osatu dute, eta musika, dantza, desfileak, jatorduak eta beste hamaika ekitaldiz gozatu dute herritarrek eta bisitariek. Llobregatek baieztatu du antolaketa ona izan dela, eta Euskal Herrian antolatutako lehia honek ez diola «inbiriarik» Europako gainontzeko nazioetan jokatu diren txapelketei: «Lan pixka bat egin beharko dute ondorengoek, maila hau lor dezaten». Hurrengo Europako Txapelketa 2017an izango da, Suitzan. Horrez gain, eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari eta azpeitiarrei. Haren hitzetan, «oso ondo erantzun» du herriak. Esate baterako, nabarmendu du 2.500-3.000 ikusle izan zituela igandeko saioak, Loiolan. Bestalde, esan du parte-hartzaileek «belardiaren kalitatea» izan dutela ahotan, «zoragarria» baita Loiolako gunea.Herritarren inplikazioa
Azpeitiko Udalak herritarren inplikazioa izan du hizpide. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak azpeitiarrek parte hartu izana «oso polita» izan dela azaldu du: «Danborradan, desfilean, Berdura Plazako tabernan... jende askok lagundu du, eta guztiei eskertzen diegu parte-hartzea». Bestalde, Almitza elkarteari eskerrak eman dizkio txapelketarako Azpeitia aukeratzeagatik: «Beste nazioekin harremanak egin ditugu, eta gure selekzioa herrian ikusteko aukera paregabea izan dugu».Saikapena
Gizonak
1. Georg Spiess, Hego Tirol.
2. Klaus Lanziner, Hego Tirol.
3. Reto Fuchs, Suitza.
Lehen euskalduna: Julen Gabirondo (hamairugarren).
Emakumeak
1. Margrit Fohn, Suitza.
2. Regula Frehner, Suitza.
3. Margit Steinmann, Austria.
Lehen euskalduna: Alaitz Imaz (hamargarren).
Gizonak, taldeka
1. Hego Tirol.
2. Austria.
3. Suitza.
Euskal Herria: Bosgarren postua.
Emakumeak, taldeka
1. Suitza.
2. Austria.
3. Euskal Herria.