Azpeitiko Ingurugiro Etxea Museoan hasi dituzte parke berria eraikitzeko lanak (Ana Abarisketa/Hitza).
Dinosauroen parkea bezala ezaguna den Ingurugiro Etxea museoaren ondoko haur parkean dagoeneko ez dago dinosaurorik. Pasa den hilean kendu egin dituzte, eta orain Xaguxatar parkea egiteko lanak hasi dituzte bertan.
Parkeko irudi handiek urteak egin dituzte, eta umeen gozagarri izan dira. Baina, azken hilabeteotan puskatuta zeuden eta haietan jolasean ibiltzea debekatuta zegoen.
1987ko ekainaren 5ean inauguratu zuten Azpeitian Umeen Museoa, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren hitzarmen bati esker. Lehen 11 urtetan Umeen Museoa izan zen, eta gero Ingurugiro Etxea izatera pasatu zen. Orain, berriz, museoaren atariko parkeak itxura berria hartuko du: Xaguxatar parkea egingo dute bertan, Izarraitz mendilerroko saguzarra irudi bezala hartuta.
Dagoeneko parke berria eraikitzeko lanak hasi dituzte. Urrirako bukatu nahi dute, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak azaldu duenez. Parkeak 1.800 metro koadroko azalera izango du, eta aisialdirako eta naturarekin harremana bilatzeko sortutako proiektua da. Parkeak izango dituen gune bereziak honakoak izango dira: Saguzarren horma, enbor bertikalen baratza, labirintoa, intsektuen hotela eta egongune alternatiboa.
Azpeitiko Ingurugiro Museoak urtean 7.000 bisitari jasotzen ditu, horietatik 6.000 ikasleak dira. Ireki zenetik 300.000 bisitari inguru jaso ditu.
Kudeaketa udalaren esku
Joan den martxoan Azpeitiko Udalak jakinarazi zuenez, Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen bati esker datozen hiru urteotan Ingurugiro Etxea Museoaren kudeaketa udalaren esku egongo da. Horretarako, urtero Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio Azpeitiko Udalari; denera, 360.000 euro jasoko ditu.