Gertu da Azpeitiko 3x3 Futbol Festa

Urola Kostako Hitza 2015eko abuztuaren 30a

Azpeitia Cup taldeak antolatuta kirol ekitaldia irailaren 4an, 5ean eta 6an jokatuko da

Azpeitia Cup taldeak antolatuta II. 3X3 Futbol Festa egingo dute Azpeitian, irailaren 4an, 5ean eta 6an. Urola Kostako udalerri guztietako gaztetxoek hartuko dute parte lehiaketan. 2003 eta 2009 urteetan jaiotakoak izango dira nor baino nor ariko direnak. Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko Betharramdarretako jolastokian jokatuko dituzte partidak, eta egokitu egingo dute eremua, belar artifizialeko bi zelai jarrita. Hiru jokalari beste hiruren aurka lehiatuko badira ere, lau pertsonakoak izango dira taldeak. Taldeak sexu berekoak edo mistoak izan daitezke, eta hamar minutuko bost norgehiagoka jokatuko dituzte guztiek. Azpeitia Cup taldeak azaldu duenez, kirola baino gehiago izango da aurtengo 3×3 futbol festa. Izan ere, pailazoak, tailerrak, bertsolariak, trikitilariak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte iraileko hiru egun horietarako. Edozer zalantza izanez gero, 682-17 63 81 telefono zenbakira dei daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide