Joseba Albizu IronBike mendiko bizikletako itzulian, iruditan

Urola Kostako Hitza 2015eko abuztuaren 11

Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarra bigarrena izan da Italiako IronBike mendiko bizikletako itzulian. Milton Ramos hondurastarra, joan den urteko irabazlea, izan da aurten ere garailea. Albizuk bi etapa irabazi ditu itzulian, haien artean itzuliko etapa gogorrena, Charleston mendikoa. Irabazteko asmoarekin joan zen txirrindulari azpeitiarra itzulira, baina Ramos ezin izan du mendean hartu: "Inoiz baino sasoi hobeagoan joan naiz, eta ez dut aitzakiarik. Kontua zera da, hark beherantz tarte handia ateratzen zidala, teknika baitu jaisterakoan". Aldapan gora Albizu errege izan bada ere, beherantz galdu du denbora azpeitiarrak. Lehen etapan atera zion Honduraskoak aldea Albizuri, eta apurka-apurka tartea txikitu egin bada ere, eutsi egin dio lehen postuari itzuli osoan. "Beste urteetan baino ibilbide zailagoak izan dira aurtengoak niretzat, baina gustura gelditu naiz eginiko lanagatik", azaldu du azpeitiarrak. Uztailaren 25etik abuztuaren 1era jokatu zuten IronBike itzulia Italiako alpeetan. Mendiko bizikletako munduko itzuli gogorrena dela diote antolatzaileek. Zazpi etapatan banatuta dago ibilbidea. Honakoa da itzuliko argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide