«Maitasunak gatazkarekin lotuta egon behar duela sinisten dute nerabeek»

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abuztuaren 7a

'Biolentzia bikote harremanetan, ikuspegi sistemiko eta kulturarteko batetik' tesia defendatu zuen iaz azpeitiarrak. Nerabeek maitasunaz, kontrolaz eta biolentziaz duten ikuspegia aztertu du.Nerabeen arteko bikote harremanak eta bertan ager daitezkeen ...

'Biolentzia bikote harremanetan, ikuspegi sistemiko eta kulturarteko batetik' tesia defendatu zuen iaz azpeitiarrak. Nerabeek maitasunaz, kontrolaz eta biolentziaz duten ikuspegia aztertu du.

Nerabeen arteko bikote harremanak eta bertan ager daitezkeen biolentzia zantzuak ikertzeko asmoarekin egin du Alazne Aizpitartek (Azpeitia, 1984) nazioarteko doktore tesia. Doktorea da psikologian, psikopedagogoa eta familia eta bikote terapeuta. Ikerketan, aztergai izan ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako, Herbehereetako, Mexikoko eta Guatemalako 800 nerabetik gora.

Zer perfileko nerabeek parte hartu dute ikerketan?

Institutuetako, lanbide heziketako eta unibertsitateetako ikasleak dira. Populazio orokorreko gazteak bezala definitu ditugu ikerketan; ez daude prozesu judizialetan, eta ez dituzte izan ageriko jokabide agresiboak. Tratu txarrak pairatu dituzten nerabeak ere kanpoan gelditzen dira. Garrantzitsua da perfil hori ondo nabarmentzea.

Azterketa eginda, zer ondorio aipatuko zenituzke?

Nerabeek eskema bat egina dute maitasuna definitzeko, eta irudikatzen dute beharrezkoa dela bikotekidearekin fusio bat izatea. Uste dute maitasunak, zenbaitetan, eskatzen duela lagunei uko egitea, esate baterako. Bikotekidea non dagoen, norekin eta nola jakin behar dutela ere sentitzen dute. Beraien maitasunaren ikuspegiak normaltzat hartzen ditu kontrol jarrerak. Bestalde, gazteen erdiek baino gehiagok erakusten dituzte kontrol jokaerak harremanetan.

Kontrol jokaerak ohikotzat ikusten al dituzte?

Bai. Batez bestekoa oso altua da. Horrek adierazten du kontrola onartu egiten dutela. Galdera bidez atera dugu informazio hori, eta terapeuta gisa interpretatu ditugu datuak. Kontrolaz eta jeloskortasunaz hitz egitean zenbait esaldi errepikatzen zizkiguten: «Bai, baina normala da, jakin beharko dut leiala al den edo ez, ezta?», «denok egiten dugu hori», eta halakoak. Hitzek eta jarrerek adierazten ziguten kontrola ohikoa zela beraientzat. Hainbat elkarrizketatzailek egin genuen lana, eta denek atzeman genuen ideia hori.

Beste bortxa batzuek ere izan dituzue aztergai.

Bai. Bortxa fisikoa, esate baterako, oso baxua da, eta haren onarpena ere bai. Bortxa sexuala, berriz, ikusezina da haientzat. Adibidez, ez dute bortxa sexualtzat hartzen pertsona batek behin eta berriro esatea berarekin harreman sexualak izan nahi dituela edo gorputzeko zati batzuk ukitzea. Bortxa sexuala lotzen dute harreman sexualak izatera behartzearekin, eta horien onarpena oso baxua da, jakina.

Sumatu al dituzue desberdintasunak Euskal Herriko nerabeen jarreraren eta beste herrialdetakoenaren artean?

Bai, bereziki, jokabideen intentsitatean. Euskal Herrian, bikotekide batek insistitu egiten dio besteari kalera irten ez dadin; Mexikon eta Gutemalan, zenbaitetan, debekatu egiten dute. Eskaera, beraz, debeku bihurtzen da bi herrialde horietan. Testuinguru soziokulturala desberdina da, eta kontuan hartu beharreko aldagai asko daude. Bestela, berdintsuak dira datu asko. Bortxa jokaeren onarpena neurtu genuen beste fase batean, eta hor izan ziren desberdintasun handienak. Bortxa fisikoa Guatemalako eta Mexikoko nerabeek toleratzen dute gehien; ondoren, euskaldunak daude eta, gero, Herbeheretakoak. Fase horretan txertatu egin genuen herrialde hori, alderaketak egiteko, berdintasun kultura gehien garatu duenetakoa delako. Bortxa psikologikoari dagokionez, herrialde guztietan antzerakoak ziren zifrak.

Kontrola lotu al daiteke biolentziarekin?

Bai, baina desberdindu egin behar dira populazio klinikoa eta orokorra. Populazio klinikoaz hizketan ari garenean, tratu txarrak jaso dituzten emakumeena da adibide bat. Horietan, askotan, biolentzia bidez lortzen du gizonak emakumea kontrolpean izatea. Emakume horiek beldurragatik mantentzen dute harremana. Norabidea berdina da beti: gizonak emakumea kontrolatzen du. Nerabe hauen kasuan, fenomenoa desberdina da. Kontrola bi norabideetan ematen da, bi sexuek uste dute eskubidea dutela beraien bikotekidea kontrolpean izateko. Jarrera hori aurrekaria izan daiteke, harremanak aurrera eginez gero, bortxa jokabide larriagoak agertzeko. Hori justifikatzen badute, bada arriskua, denborarekin, bortxa fisikoa eta sexuala onartzeko ere.

Uste duzu azken urteetan egoera aldatu dela?

Azken ikerketetan ikusi dugu matxismoa jaitsi egin dela. Horrek indarra galdu duen heinean, ordea, ikusgarriago bilakatu dira beste behar batzuk. Estereotipoak, rolak eta matxismoa arrisku faktore multzo bat dira, baina ez bakarra. Kontrola mantendu egin da, eta ikerketa batzuek diote gehitzen ari dela.

Zer aldagai jarri ditzakegu nerabeen jarreraren oinarri gisa?

Lagunartean ikusitakoak eragin handia du. Kontrol jokaerak zenbat eta gehiago gertatu lagunartean, orduan eta gehiago aplikatuko dituzte beraien maitasun harremanetan. Inork ez die erakutsi nola izan harremanak, eta lagunak dira beraientzat eredu sendoena. Familiak ere badu eragina; etxean zenbat gatazka dituzten eta nola ebazten diren usaintzen dute umeek jaiotzatik, eta horrek aztarna uzten die. Gurasoen arteko harreman emozionalak eta komunikazioa garrantzitsuak dira, nahi gabe barneratzen dute dena.

Hedabideen mezuek ere eragina al dute?

Oso indartsua. Tailerrak ematen ditudanean beti aurkezten ditut telebistako saioen mezuak. Morboa oinarri duten saioen ikusle objektiboa nerabeak dira, gainera; haiengana doaz zuzen. Egunero eredu eta mezu horiek arnasten badituzte, inork ez badizkie zalantzan jartzen, xurgatu egiten dituzte. Barneratu egiten dute eredua, harremanak eraikitzen ari diren garai kritiko horretan. Telebistan erakusten dute jeloskortasuna maitasunaren seinale dela, eta nerabeek pentsatzen dute: Jeloskor ipintzen ez bada, ez nau maite. Pasioak eta maitasunak gatazkarekin lotuta egon behar dutela sinisten dute.

Zer jarrera hartu beharko luke guraso batek kasu horietan?

Nerabeekin, bereziki, debekuak oso gaizki funtzionatzen du. Beraz, pentsaraztea da bidea. Arazoa da gurasoek, gehienetan, ez dakitela seme-alabek zer ikusten duten eta zer ez: ez dira etxean egoten edo gaztetxoek Internet bidez ikusten dituzte saioak. Gainera, lagunartean saio horiek komentatzen dituzte, eta taldeko kide sentitzeko halakoak ikusteko beharra sentitu ohi dute. Aukera onena da seme-alabek ikusten dituzten saioetan interesa jartzea, iritzia ematea edo galderak egitea. Ulertu behar dute ikusten duten hori ez dela maitasun naturala. Dirudiena baino kasu gehiago egiten dute, nahiz eta, momentuan, nerabezaroko jarrera errebindikatiboa erakutsi. Gurasoen eta hezitzaileen ardura da nozio egokiak transmititzea. Beraz, uste dut momentu ona dela 13-14 urte ingururekin gai hauen inguruan hitz egiten eta hausnartzen hastea.

Zer diozu IKTn inguruan. Kontrolerako beste tresna bat dira?

Beste kanal bat da, baina ez da arazoaren jatorria. Whatsapp-ek edo Facebook-ek, esate baterako, ez dute eragin nerabeak kontrolezko jarrerak izatea. IKTekin beste pertsona bat kontrolatzen duenak badu perfil bat, baditu gabezia batzuk, eta teknologia berriak bide bat dira jokabide horiek gauzatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide