Espainiako Hirugarren Mailako Azpeitiko taldea hilaren 22-23an hasiko den denboraldirako prestatzen hasi da. Hilaren 15ean, 19:00etan, Real Unionen aurkako lagunartekoa du Garmendipen
Espainiako futboleko Hirugarren Mailako Lagun Onak taldea denboraldi berria prestatzen ari da. Pablo Turrillasek gidatzen duen taldea eraberrituta hasi da, gainera. Aurreko denboralditik 11 jokalarik ez dute segituko taldean, eta horregatik, fitxaketa berriak egin dituzte.Abuztuaren 22-23ko asteburuan hasiko du 2015-2016 denboraldia Lagun Onak-en gizonezkoen lehen taldeak. Baina, aurretik, lagunarteko hainbat partida jokatuko ditu: Garmendipen, larunbatean, 10:30ean, Vitoriaren aurka; eta, hilaren 15ean, 19:00etan, Real Unionen kontra jokatuko du. Zarautzen kontra ere ariko da Astin, abuztuaren 18an, 19:00etan.
Aurreko denboralditik Lagun Onak utzi duten jokalari kopurua esanguratsua da: Andoni Errasti, Julen Azkue, Julen Lopez, Iñigo Ibargoien eta Ander Franco jokalariek Lagun Onak utzi dute. Bostak Eibar taldeak utzita jardun dute Azpeitiko taldean, eta Eibarrera itzuli dira.
Iñigo Celihueta Touring taldeak fitxatu du, eta Eneko Ibarluzea, berriz, Ondarruko Aurrerara joan da.
Josu Aranburu, Asier Goikoetxea, Julen Santesteban eta Joseba Del Olmo jokalariek, berriz, futbola utzi egin dute. Lagun Onak futbol klubak denei eskerrak eman dizkie, eta zorte ona opatu die.
Taldea osatzeko fitxaketa berriak egin ditu dagoeneko Lagun Onak-ek: Aitzol Aizpurua atezain zumaiarra, Ander Urdangarin Kolo defentsa, Luis Egaña erdilaria eta Iban Garcia aurrelaria (Pasaia taldetik datozenak); Joseba Tarantino defentsa oriotarra (Oiartzunetik); eta, Erik Aranburu erdilaria (Cultural Durangotik).
Lagun Onak-eko lehen taldearekin denboraldi aurrekoa egingo duten beheko mailako jokalariak ere badira: Gorengoen Mailako taldeko Xabier Gereta eta Haritz Alberdi, eta Jubeniletako Ander Arteaga eta Andoni Peñagarikano.