Saninazioetan hitzez erasotu zuten bular bistan zegoen emakume bat Azpeitian. Protestan kezka azaldu dute, «zenbaitek erasoaren izaera zalantzan jarri duelako».
Abuztuaren 1ean, San Inazio jaietan gertatutako eraso sexista salatu dute Azpeitian ia 60 lagunek. Herritar horiek nabarmendu dute ez dutela «inolako eraso sexistarik» onartzen jaietan. Izan ere, neska bat hitzez erasotu zuten San Inazio bigarren egunez Azpeitian, kamiseta kendu eta bular bistan zebilelako. Erasoari erantzuteko, harekin zeudenek ere kamiseta kendu zuten, eta jarraitu egin zuen erasoak.Zalantzari, erantzuna
Horren aurrean, jakinarazi dute ezinegona sortu diela zenbait herritarrek erasoa zalantzan jarri izanak: «Azken egunotan herrian erasorik egon zen edo ez zalantzan jarri dela ikusita, kalera atera nahi izan dugu berriro ere gertatu dena salatu eta zurrumurru hauekin bukatzeko». Indarkeria matxistak «mila aurpegi» dituela gogorarazi dute, eta festetan gertatutakoa horietako beste bat izan dela.
«Geure gorputzak geureak dira, eta nahi ditugun moduan erabil ditzakegu. Bular, gerri, tripa zein lepoa agerian ibiltzea erabakitzen badugu ere, honek ez dio inori eskubiderik ematen gu iraintzeko», adierazi dute.
Asteartean, plazan bildutako herritarrek esan zuten ez dela lehen aldia eraso sexista baten aurrean daudena, baina, haien arabera, «azkena izan liteke». «Ez dugu berriro horrelakorik onartuko, eta erasoen aurrean erantzuten jarraituko dugu».