Musika Hamabostaldiko nazioarteko ikasleak Loiolan eta Azkoitian izan dira

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abuztuaren 5a

Arakistain eta Arenas ikasle Azpeitiarrak, Loiolako santutegian (E. Albizu Lizaso) Musika Hamabostaldiko nazioarteko ikasleak Loiolan, Azpeitian, izan dira gaur goizean, santutegiko organoa ezagutzen eta probatzen. Organo Erromantikoaren ikastaroa egiten ari dira hainbat herrialdetako ikasleak; haien artean, euskaldunak, txekiarrak, italiarrak edo australiarrak. Ignacio Arakistain eta Mikel Arenas azpeitiarrak ere ikastaroan dira. Haien arabera, "oso esperientzia aberasgarria" ari da izaten Musika Hamabostaldiaren baitako zikloa, eta asko ari dira ikasten, batik bat, "interpretazio aldetik". "Gipuzkoan altxor bat dugu organo erromantikoei dagokionez, eta horiek ezagutzea zortea da bertakoentzat zein bisitarientzat", azaldu du Arakistainek. Astelehenean hasi ziren ikastaroarekin, eta ordutik, honako herrietako organoak bisitatu dituzte: Ataun, Tolosa eta Deba. Gaurkoan, Loiolan izan dira goizez, eta Azkoitira joatekoak dira eguerdi partean. Arratsaldean, Usurbilen izango dira. Goizez, herriz herri ibili ohi dira instrumentuak ezagutzen; eta, arratsaldetan, eskolak izaten dituzte Donostian. Michel Bouvard organo-jolea dute gidari. Ostiralean bukatuko da zikloa, kontzertuekin. Organo Erromantikoko zikloko ikasle eta entzuleak, Loiolan (E. Albizu Lizaso)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide