Saninazioetan gertatutako eraso sexista salatu dute Azpeitian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abuztuaren 5a

"Azken egunotan herrian erasorik egon zen edo ez zalantzan jarri dela ikusita, kalera atera nahi izan dugu", adierazi dute herriko plazan bildu direnek.

(E. Albizu Lizaso) Abuztuaren 1ean, San Inazio jaietan, gertatutako eraso sexista salatu dute Azpeitian 60 lagun inguruk. Herritarrek nabarmendu dute ez dela "inolako eraso sexistarik" onartzen jaietan. Izan ere, neska bat hitzez erasotu zuten San Inazio bigarren egunez Azpeitian, kamiseta kendu eta bular bistan zebilelako. Erasoari erantzuteko, harekin zeudenek ere kamiseta kendu zuten, eta jarraitu egin zuten irainek. Horren aurrean, jakinarazi dute ezinegona sortu diela zenbait herritarrek erasoa zalantzan jartzea: "Azken egunotan herrian erasorik egon zen edo ez zalantzan jarri dela ikusita, kalera atera nahi izan dugu berriro ere gertatu dena salatu eta zurrumurru hauekin bukatzeko". Indarkeria matxistak "mila aurpegi" dituela gogorarazi dute, eta festetan gertatutakoa horietako beste bat izan dela gogorarazi dute. "Geure gorputzak geureak dira, eta nahi ditugun moduan erabil ditzakegu. Bular, gerri, tripa zein lepoa agerian ibiltzea erabakitzen badugu ere, honek ez dio inori eskubiderik ematen gu iraintzeko", adierazi dute. Atzo plazan bildutako herritarrek esan dute ez dela "lehen aldia" eraso sexista baten aurrean daudena, baina, haien arabera, "azkena izan liteke". "Ez dugu berriro horrelakorik onartuko eta erasoen aurrean erantzuten jarraituko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide