Berrikuntzak eta tradizioa uztarri berean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abuztuaren 4a

Uztailaren 30ean hasi, eta abuztuaren 2an bukatu dira San Inazio jaiak Azpeitian. Makina bat ekitaldi izan dira herrian, ume, heldu eta adinekoentzat. Egitaraua aldatu gabe, ekitaldi berriak txertatu dituzte.Gustu guztietako herritarrentzat egon da zer...

Uztailaren 30ean hasi, eta abuztuaren 2an bukatu dira San Inazio jaiak Azpeitian. Makina bat ekitaldi izan dira herrian, ume, heldu eta adinekoentzat. Egitaraua aldatu gabe, ekitaldi berriak txertatu dituzte.

Gustu guztietako herritarrentzat egon da zer egina saninazioetan. Ekitaldi berriei bide egin diote Haujijijai-k eta Azpeitiko Udalak. Esate baterako, bertso-pala lehiaketa antolatu zuten lehen aldiz, igande goizerako. Bi bikote lehiatu ziren, nor baino nor, eta Xebastian Lizaso eta Iñigo Ibañez bertsolariek koplak jarri zizkieten kirolariei. Bestalde, berri samarrak izan arren, leku garrantzitsua hartu dute dagoeneko Azpeitiko jaietan txomingeroen bazkariak eta Bakailao Txapelketak. Ostirala izan zen Txomingeroen Eguna; eta larunbata, herriko sukaldariena.

Dena ez da berria izan, ordea, San Inazio jaietan. Izan ere, zerbait errespetatzen badute jai horietan, tradizioa da. Larunbatean erakundeetako ordezkariak izan ziren Loiolan. Plazan bildu ziren, eta Loiolarako bidea egin zuten. Behin han, Etxerat-eko bi kidek presoen egoerari buruzko txostena eman zieten haiei, eta gogorarazi zuten «gastu ekonomiko handia» dakarkiela senideak urrunduta edukitzeak.

Zezenketak ere ohitura gisa dituzte Azpeitian. Aurten, Lorentxo Etxaniz Kinttela izan dute, bereziki, gogoan. Aguaziltxo ohiari pasodoblea egin diote, eta Udal Musika Bandaren San Inazio Eguneko kontzertuan jo dute lehen aldiz. Igor Etxanizek osabaren lekukoa hartu du aurten estreinekoz, aguaziltxo gisa.

Jarrera desegokiak ere bai

Azpeitiko Udalak balorazio ona egin du jaiez. Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak esan du festa parte-hartzaileen alde eginiko lana fruituak ematen ari dela: «Inoiz baino jende gehiago izan da herriko kaleetan eta poztekoa da».

Bestalde, eraso sexisten gaiari dagokionez, esan du «jarrera desegokiak eta errespetu faltak» ere izan direla. «Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du halako jarrerei aurre hartzeko eta elkartasun keinuak indartzeko», nabarmendu du Ibarzabal zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide