Bihar bukatuko da Azpeitia Cup-eko 3x3 lehiaketan izena emateko epea

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko abu. 3a, 12:35

Azpeitia Cup taldeak antolatutako II. 3X3 Futbol Festa egingo dute Azpeitian, irailaren 4an, 5ean eta 6an. Bihar, asteartea, da lehiaketan izena emateko azken eguna. Horretarako, Azpeitiko Halcon Bidaiak dendara edo Azkoitiko Plaza Berri-ra joan behar dute parte-hartzaileek. Internet bidez ere eman daiteke izena, www.azpeitiacup.com webgunearen bitartez. 10 euroko prezioa du izen-emateak. Urola Kostako udalerri guztietako gaztetxoek parte har dezakete lehiaketan, hau da, Aiakoek, Azkoitikoek, Azpeitikoek, Aizarnazabalgoek, Beizamakoek, Errezilgoek, Oriokoek, Zestoakoek, Zumaiakoek, Getariakoek eta Zarauzkoek. Itzarrekoek ere har dezakete parte. 2003 eta 2009 urteetan jaiotakoak izan behar dute, biak barne. Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko Betharram-eko jolastokian izango dira partidak, eta egokitu egingo dute patioa, belar artifizialeko bi zelai jarrita. Hiru jokalari beste hiruren aurka lehiatuko badira ere, lau pertsonakoak izan behar dute taldeek. Ume guztiek jokatzeko aukera izan dezaten, haurrek taldeka edo bakarka eman dezakete izena. Antolatzaileak arduratuko dira taldeak egiteaz, bakarka izena eman duten gaztetxoen kasuan. Taldeak sexu berekoak edo mistoak izan daitezke, eta hamar minutuko bost norgehiagoka jokatuko dituzte guztiek. Azpeitia Cup taldeak azaldu duenez, kirola baino gehiago izango da aurtengo 3×3 futbol festa. Izan ere, pailazoak, tailerrak, bertsolariak, trikitilariak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte iraileko hiru egun horietarako. Edozer zalantza izanez gero, 682-17 63 81 telefono zenbakira dei daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide