Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko hainbat agintari bildu ditu San Inazio bigarrenak Azpeitian. Goizeko 10:00etan, herriko plazan elkartu dira aurrena Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta alderdi desberdinetako zinegotziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olano, eta, beste hainbat diputaturekin eta Eusko Jaurlaritzako eta legebiltzarreko ordezkariekin. Iñigo Urkullu lehendakaria ez da izan gaur Azpeitian, egunotan euskal diaspora Boisen (Idaho, AEB) ospatzen ari den jaialdian parte hartu baitu Urkulluk. Bere ordez Arantxa Tapia sailburua bertaratu da.
Behin Udaletxe parean, eta ongietorria egin ostean, Loiolarako bidea hartu dute ordezkariek Izarraitz Txistulari Taldekoekin eta Azpeitiko Musika Bandarekin. Arana kalean Loiolara eraman dituen autobusa hartu aurretik adierazpenak egin ditu Olanok, eta, datozen lau urtetan Gipuzkoa "idartzeko" intentzioa jakinarazi du. Olanok, gaur bertan
Inaziotar Bidean parte hartuko duela jakinarazi du Denis Itxaso diputatuarekin batera.
Loiolara iritsi direnean, eta basilikara sartu aurretik, Etxerat-eko bi kidek presoen egoerari buruzko txostena eman diote ordezkariei, eta gogora ekarri dutenez, gastu ekonomiko handia dakarkie senideak urrunduta edukitzeak. Urtero bezala, elkarretaratzea egin dute Etxerat-ek deituta Arrupe hotelaren atarian, "Senideak noizko gure bizitzaren jabe?" lelopean. Etxeberria gerturatu da eurengana, eta, medioei egindako adierazpenetan nabarmendu du nahitaezkoa dela EH Bildurentzat giza eskubideekiko errespetua.