Egurra Ta Kitto: "Haize freskoa ekarri dute taldera bi musikari berriek"

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko uzt. 31a, 14:23

Egurra Ta Kitto musika taldea bi kide berrirekin hasi da berriro martxan. Oñatin eta Orkatzen eman zituzten lehen kontzertuak, eta irrikan daude bihar herriko jaietan jotzeko. Taldea berritu duzue eta abesti batzuk ere estreinatu dituzue. Zer moduzko martxa duzue? Orhantza Alegria: Indarberrituta eta lanerako gogoarekin itzuli gara. Ia urtebete egin dugu geldirik; eta, gainera, ez zen nahita eginiko atsedena izan. Birek utzi egin zuten taldea. Gustura gaude, kontzertuak ematen hasi baikara berriro. Aitor Letamendia: Bagenuen har hori barruan, eta zuzenekoekin hasteak motibatu egin gaitu. Zertan aldatu da Egurra ta Kitto? O.A.: Iker Vela Debako abeslaria eta Julen Arrieta Tolosako baxu-jolea taldean sartu izana da aldaketa nabarmenena. A.L.: Funtzionatzeko eran ere aldaketa batzuk izan dira. Esate baterako, antolatzerakoan edo kantuak sortzerakoan. Lortu duze taldeko giroa mantentzea? O.A.: Bai. Gainera, ilusioarekin eta lanerako gogoarekin sartu dira musikari berriak. A.L.: Umoretsu etorri dira, eta haize freskoa ekarri dute taldera. Musika aldatu al da? O.A.: Azken diskotik ez da gehiegi aldatu. Baina lehen diskoarekin alderatzen badituzu azken abestiak, bai, aldaketa nabari daiteke. A.L.: Apur bat gogortu eta azkartu egin da musika, baina pixkanaka gertatu den zerbait da, ibili-ibilian. Noiz egin dituzue lehen entseguak? O.A.: Urtarrilean hasi ginen talde berriarekin entseatzen, eta maiatzean grabatu genituen lau kanta berriak. Interneten daude zuen abesti guztiak eskuragarri. Nahita hartutako erabakia da hori. A.L.: Bai, hala egin izan dugu guk beti, eta bide onena iruditzen zaigu ezagutu gaitzaten. O.A.: Gure musika, letrak eta ideiak zabaltzeko aukera onena iruditzen zaigu abestiak doan jaisteko aukera jartzea. Diskoak ere saldu izan ditugu, baina doako hautu hori beti utzi dugu. Gaur egun, aukera asko ematen ditu, sare sozialekin eta abar. Txosnetan joko duzue bihar. Herriko jaietan jotzea berezia da? A.L.: Bai. Egun polita izaten da abuztuaren 1a. Aurten, gainera, larunbata da, eta uste dugu herriko eta kanpoko jende asko gerturatuko dela. O.A.: Hilabete osoa damakigu kontzertu hori prestatzeko entseatzen. Etxetik, atzerrira. Lehen aldiz Euskal Herritik kanpo joko duzue aurten, ezta? O.A.: Puenteareasera (Galizia) joango gara irailaren 26an. Musika jaialdi batean joko dugu. Izan ere, ardatz gisa hartu dute hizkuntza gutxituen gaia; eta, horregatik, galiziarrek, kataluniarrek eta euskaldunok jarriko dugu musika han. Badugu gogoa esperientzia hori probatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide