Irudietan: San Inazio Eguneko goiza Azpeitian

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 31

Azpeitian San Inazio egunez ohi legez elizkizunek izan dute protagonismo nagusia gaur (uztailak 31) goizean. Aurrena, udalbatza herriko musika bandarekin eta txistulariekin lagunduta udaletxetik parrokiara joan da Elizkaletik. Gero, San Inazioren irudiarekin prozesioa egin dute Alde Zaharrean. Bertan, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak ere parte hartu du, Kepa Susperregi Azpeitiko erretorearekin eta beste hainbat apaizekin batera. Behin, prozesioa bukatutakoan meza nagusia izan da parrokian. Eguerdian, Azpeitiko Kimura judo klubekoek erakustaldia egin dute herriko plazan. Erakustaldia hasi aurretik beroketa ariketak eta dena egin dituzte kirolariek. Segidan, Zezen Beltz taldeak antolatutako entzierro txikia izan da Done Jakue kalean, eta ondoren zezen txikiekin jolasean ibili dira han bildutakoak. Jende asko batu da Frontoi Txiki ondoan festetarako muntatutako zezen plaza txikian. Igandera bitartean dira saninazioak Azpeitian. Gaurko EGITARAUA: 14:30ean, txomingeroen bazkaria; 17:00etan, Txiki-Chef sukaldari tailerra, plazan; 18:00etan, txomingero jolasak Eguenero elektrotxarangarekin; 18:00etan, zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean; 18:30ean, saninazioetako lehen zezenketa, zezen plazan; 19:00etan, Oria txaranga; 22:00etan, Kaluse taldearen kontzertua, txosnetan; 0ndoren, Ernairen ekitaldia, txosnetan; 23:00etan, pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan; 23:00etan, su festa Astondoa su etxearekin; 23:30ean, Anje Duhalderen kontzertua, herriko plazan; 23:30ean, Elustondo anai-arrebekin erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan; 00:30ean, Las Tuercas taldearen kontzertua, txosnetan; eta, 01:30ean, Osso taldearen kontzertua, txosnetan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide