Azpeitiko ikastolaren sortzaileek bota dute San Inazio jaietako txupinazoa, udaletxeko balkoitik. «Azpeitiarrak harroak garela esaten dute, gaur badugu harro sentitzeko arrazoia», esan du alkateak.
Hasi dira jaiak, eta dagoeneko joan da saninazio bezpera ere. Txupinazoa bota zuten Azpeitiko ikastolako sortzaileek, eta danbatekoarekin hasi zen jaia Azpeitian. Azken urteetan bezala, arroxaz zipriztindu dira herriko kaleak, eta lau egunez ez du etenik izango festak. Hasiera ekitaldian, Eneko Etxeberria alkateak esan zuen azpeitiarrek ez dutela beraien herria maite handiena edo politena delako, beraien herria delako baizik. «Azpeitiarrak harroak garela esaten dute, gaur badugu harro sentitzeko arrazoia», adierazi zuen ikastolaren sorrerako guraso, irakasle eta ikasleengatik.Omenaldia Kinttelari
Kalejira, herri bazkaria, jolasak, zezen txikiak, musika eta su festak izan ziren protagonistak atzokoan Azpeitian.
Gaur San Inazio Eguna izaki, goiz eresia, korporazioa, prozesioa eta meza izango dira goizez. Eguerdian, urteroko kontzertua eskainiko dute Azpeitiko Musika Bandako kideek. Aurtengoan, ordea, Lorentxo Etxaniz Kinttela zenaren omenez sortutako pasodoblea estreinatuko dute.
Etxaniz 32 urtez izan zen Azpeitiko zezen plazako aguaziltxoa. Joan den urtean hil zen hura, ilobari postua eskaini ostean. Hark eginiko lana eskertu asmoz egin dute pasodoblea.
Azpeitiko txomingeroek ere gaur egingo dute beraien urteroko mokadua, Erdikalean. 18:00etatik aurrera, jolasak izango dituzte, Eguenero elektrotxarangaren laguntzarekin.
18:30ean zezenketak hasiko dira zezen plazan, jaietako aurrena izango da gaurkoa. Zezenketa baino lehen, 17:30ean, haien aurkako elkarretaratzea izango da zezen plaza aurrean bertan, Oinatz elkarteak antolatuta. Iluntze aldera, txaranga egongo da, eta 23:00etan eskuzko pilota partidak jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan.
Gauak joko handia ematen omen du, eta Anje Duhaldek doinuz beteko du herriko plaza 23:30etik aurrera. Dantza egin nahi dutenek, une berean, Elustondo anai-arreben erromeria izango dute Olazko Amaren Plazan; eta Las Tuerkas eta Osso taldeak, ondoren, txosnetan.