Herri mugimendutik jaiotako ikastolari aitortza

E. Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 30a

Duela 50 urte sortu zuten Azpeitiko ikastola. Urrestillak eta Larrañagak parte hartu zuten, modu batera edo bestera, hastapenetan. Gaur saninazioetako txupinazoa botako dute hasiera haietako 11 lagunek.Mende erdia pasatu da herrian euskaraz ikasteko l...

Duela 50 urte sortu zuten Azpeitiko ikastola. Urrestillak eta Larrañagak parte hartu zuten, modu batera edo bestera, hastapenetan. Gaur saninazioetako txupinazoa botako dute hasiera haietako 11 lagunek.

Mende erdia pasatu da herrian euskaraz ikasteko lehen ikastola abian jarri zutenetik. Gaztelaniaz ematen ziren orduan eskolak Azpeitian, baina herritar batzuek korrontearen aurka egin zuten lan, ikastola sortzeko eta sustatzeko. Gaur sortzaileetako batzuek botako dute txupinazoa, udaletxeko balkoitik. Mertxe Urrestilla han hasi zen irakasle lanetan 1968an, 19 urte zituela. «Kontxu Odriozolaren ordezkapen bat egiten hasi nintzen, Aranean genuen lokalean», gogoratu du. Haren ikaslea izan zen Aitor Larrañaga, eta hark azaldu du ikasgeletako lurrean eserita egoten zirela ikasleak, lanak egiten.

Biek ala biek oroitzen dituzte urte haiek «borroka ugari» eginiko garaiak bezala, «une ausart» gisa. «Zerbait berezia sortu genuen, herri mugimendutik jaiotako ikastola, euskarazkoa. Oinarria herria zen, eta gu txikiak baginen ere, sumatzen genuen hori», azaldu du Larrañagak.

Testuinguruagatik, langileen baldintzak ez ziren oso onak; eta, Urrestillaren arabera, «erdi ezkutuan» ibili behar izan zuten. Hala ere, irakasle ohiak garbi du merezi zuela: «Gustura egiten genuen lana, eta gaur egungo egoera ikusita, eginiko guztiak balio izan duela garbi dugu».

Lehen gurasoez ere hitz egin du Urrestillak, baita haiek izan zuten «baloreaz» ere. «Lehen gurasoak dira istorio honetan meritu gehien dutenak. Kalean galdetzen zieten, Nola eraman dezakezu umea euskarazko eskolara?, Zer egin behar dute gero?. Hala ere, aurrera egin zuten haiek», azaldu du.

Euskarazko eskola bat baino gehiago zen, ordea, Azpeitiko ikastola: ikasgeletan neska-mutilak nahastu zituen lehen eskola izan zen herrian, baita bere curriculuma garatu zuena ere.

«Sentimendu hau betirako da. Bakoitzak bere bidea hartu badu ere, nire ikaskideak ikustean sentitzen dut halako konplizitate bat, han zerbait egosi genuen», esan du Larrañaga ikasle ohiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide