Marea Arroxak hartuko ditu Azpeitiko kale eta auzoak, gaurtik igandea bitartean. Tradizioa eta berrikuntza uztartuko dituzte saninazioetan. Azpeitiar guztientzat jaiak prestatu dituzte.
«Arroxa kolorez jantzia zu zera argia zeru urdinean», dio abestiak, eta gaurtik aurrera ikusiko dute argia azpeitiarrek, saninazioen hasierarekin. Askorentzat, gainera, jaiek bat egingo dute udako oporrekin. Lau eguneko egitarau oparoa prestatu dute udalak eta eragileek aurtengo jaietarako. Berrikuntza gisa, egun bat gehiago izango dira aurten saninazioak, abuztuaren 2a ere festa izango baita.Festen bereizgarri izan ohi da tradizioa eta berrikuntzak uztartzea, eta urtero erreparatzen diote horri azpeitiarrek. Jai anitzak dira saninazioak, eta musikarekin, jolasekin nahiz kirolarekin harrapatuko ditu Marea Arroxak azpeitiarrak eta bisitariak. Urtero legez, zezenek eta elizkizunek ere leku nabarmena izango dute.
Herriko taldeek protagonismoa dute aurten. Musikariei dagokienez, Skandalue elektrotxaranga, herriko musika banda, abesbatzak, Erokomeri erromeri taldea eta Egurra ta Kitto izango dira oholtzan, besteak beste. Kirol arloan, Kimura judo elkarteko kideek ere erakustaldia egingo dute festetan.
Herritar guztien tamainara eginiko festak hastear dira.