Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uztailaren 31n (ostirala), San Ignazio egunez da aurtengo Azpeitiko lehen zezenketa. Abuztuaren 2ra (igandea) bitartean hiru zezenketa izango dira Azpeitiko zezen plazan, 18:30ean hasita. Aurten ere, ganadutegiak oinarri hartuta antolatu dituzte Azpeitiko zezenketak, batzordeko Jabier Beobidek dioenez. "Aurrena ganadutegiak finkatzen ditugu, eta gero zezen horiei ondo egokituko zaizkien toreroak ekartzen ditugu. Zezenari garrantzia ematen diogu batzordekook, eta gero jendeak ere bide horretatik eraman gaitu, eta noski baita aurrekontuak ere", dio. Aurten ekarri dituzten ganadutegietatik bik errepikatu egingo dute Azpeitiko plazan, "aurreko urtean arrakasta izan badute hurrengo urtean ere etortzea nahi izaten dute". Orokorrean zezenketetako aurtengo kartela "txukun-txukuna" gelditu zaielakoan dago Beobide.
Atzo, uztailak 28, aurkeztu zituzten aurtengo zezenketetako zezenak zezen plazan, desenkajonamenduan. Aurreko urteetan Santio egunez antolatu izan dute, baina aurten astegun batean izan da. "Lehenago eginda egun askotan egon behar izaten dute zezenek zezen plazako ukuiluetan, eta horrek arrisku bat du eta gastu gehiago ere bai: seguruekin eta abar. Iaz esaterako bi zezen hil ziren ukuiluetan. Gaur egun Azpeitian bakarrik egiten da desenkajonamendua, hemen usadioa da, eta jendeari gustatzen zaio zezenak ikustea", esan du zezenzale batzordekoak. Desenkajonamendua ikusteko jende asko bildu zen atzo zezen plazan, eta aurretik jende ilara luzeak egon ziren.
Azpeitiko zezenketetako egitaraua:
- Uztailak 31, ostirala. 18:30ean, Azpeitiko zezen plazan. Celestino Kuadri ganadutegia. Ezpatariak: Paulita, Perez Mota eta Sergio Serrano.
"Kuadri ganadutegia oso garrantzitsua da, eta zezenak ikusgarriak dira. Iaz ganadutegi onenaren saria jaso zuen, eta horregatik berriro ekarri dugu. Toreroen artean, Paulita iaz ere etorri zen, bere eragina eduki zuen hemen, eta berriro ekartzea merezi zuela pentsatu genuen. Perez Mota, azkena zekorketari etorri zen orain 11 bat urte, eta orain beste aukera bat ematea pentsatu dugu", azaldu du Beobidek.
- Abuztuak 1, larunbata. 18:30ean, Azpeitiko zezen plazan. Ana Romero ganadutegia. Ezpatariak: Juan Bautista, Manuel Escribano eta Arturo Macias.
Honela deskribatu du Beobidek San Ignazio bigarreneko zezenketa: "Ganadutegi hau enkaste desberdina da, Victorinoko zezenek dutena da, Santa Colomakoa. Aurretik ere ganadutegi hau egonda dago Azpeitian. Ezpatarien artean, Juan Bautista frantziarra da, eta hau ekarrita handik etortzen diren zaletuak hartu nahi izan ditugu kontuan; gainera sasoiko dago. Manuel Escribano orain dela bi urte Azpeitira etorri zen baita ere, eta azkenaldian Sevillan, Madrilen... ondo ibili da. Hau gainera banderilla-jartzailea ere bada eta bere berezitasuna badauka. Arturo Macias mexikarra da. Aurten hirugarren urtez sartu dugu kartelean, baina oraindik ez da inoiz iritsi Azpeitira; ea aurten ikusteko aukera dugun. Mexikon torero onenetakoa bezala dute hartuta, eta zaletuek esan ohi dute Jose Tomas mexikarra dela"
- Abuztuak 2, igandea. 18:30ean, Azpeitiko zezen plazan. Pedraza de Yeltes ganadutegia. Ezpatariak: Javier Castaño, Juan Del Alamo eta Lopez Simon.
Beobideren arabera: "Pedraza de Yeltes ganadutegia hirugarren aldiz etorriko da Azpeitira. Ezpatariei buruz, berriz, Juan Del Alamok iaz arrakasta izan zuen hemen. Lopez Simon, berriz, moda-modan dago gaur egun".
Telebista saioak Azpeitiko zezenketez
Azpeitiko zezenketak aurten Espainiako bi telebista katetan emango dituzte. Espainiako Telebistaren Tendido Cero-n Azpeitiko hiru zezenketen erreportajea botako dute. Abuztuaren 2ko zezenketa, berriz, Canal +ek zuzenean emango du. Emisio hauengatik telebistak dirua ordainduko du, baina batzordeak ez du irabazirik lortuko: "Azkenean telebistan emateak kostu batzuk ere badituelako".