Corrugadosen auzian erakundeen babesa eskatu dute ELA eta LABek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 29a

Gorenak ontzak jo du enpresak Corrugadoseko langileak bota izana. ELA eta LABek erabakia salatu, eta enpresaren bideragarritasuna aldarrikatu dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Gallardo Balboa taldeari, eta ontzat jo du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak kalera botatzeko erabakia. Joan den ostegunean izan zuen enpresak epaiaren berri. Haren arabera, Gorenak jakinarazi du ontzat ematen dituela hartutako neurriak, «haiek ekintzen indarrari erantzuten dielako». Grupo Gallardo Balboak jakinarazi duenez, enpresak eta aholkulari juridikoek eginiko kudeaketa eta esfortzua «babestu eta sostengatu» du Espainiako Auzitegi Gorenak. Haien hitzetan, siderurgiaren sektoreak «beharrezkoa» zuen aldaketak egitea, haren «gaitasunaren gainetik» zeudelako baliabideak. Eginiko murrizketek ahalbidetu dute sektorearen errentagarritasuna «berreskuratzea», Gallardo Balboa taldearen arabera.

Sindikatuak, kontra

ELA eta LAB sindikatuek adierazi dute ez daudela ados Gorenaren erabakiarekin. Sindikatuen arabera, «azken neurriak kontuan hartu gabe» eta «langileen errealitateari erreparatu gabe» hartu du Gorenak erabakia. Nabarmendu dute horretan lagundu dutela «lagileak babesik gabe uzteko» Espainiako estatuak sustatu dituen lan erreformek. Bestalde, ELA eta LABek gogorarazi dute EAEko Auzitegi Nagusiak bi aldiz eman dietela arrazoia laginleei. «Horren aurrean, erabakitasunez lan egin dezaten eskatzen diegu gure erakundeei, etorkizun handiko lantegi bideragarriak baitira Azpeitikoa eta Lasaokoa; eta, batez ere, giza baliabide ezin hobea dutenak», aldarrikatu dute haiek.

300 langiletik gora kalean

2014ko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Gallardo Taldeari eman zion arrazoia, 2013an aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren harira. Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek helegitea jarri zioten erabakiari. Gallardo Taldeak 2013ko apirilean aurkeztu zuen txostena onartuta, Azpeitiko lantegia itxi zuten, eta Lasaoko 38 langile kaleratu zituzten. 300 pertsonatik gora gelditu ziren lanik gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide