Azkoitian eta Azpeitian bisita gidatuak egingo dituzte abuztuan

Ana Abarisketa 2015eko uztailaren 29a

Bisita gidatuak antolatu ditu, beste behin ere, Iraurgi Berritzen agentziako Turismo Sailak abuzturako. Azkoitiko eta Azpeitiko historiari eta kulturari errepasoa emateko aukera eskainiko du Ezagutu Urola erdiko altxorrak izenburupean martxan jarritako egitasmo honek. Lau bisita mota prestatu dituzte hainbat egunetarako. Azkoitian, esaterako, Zalduntxoen historia errepasatzeko aukera egongo da abuztuaren 2an, 8an, 13an eta 23an, Intsausti jauregitik hasita. Peñaflorida kondeaz eta beste zalduntxo ospetsuez jakiteko aukera eskaintzen baitu bisitak. Azkoitia, Dorretxe eta Jauregi artean izeneko bisita, berriz, hilaren 4an, 5ean, 11n, 20an, 21ean, 26an, 27an eta 29an izango da, Balda plazatik. Idiakez eta Balda dorretxeak eta Amabirjinaren Jasokunde parrokia daude egitarauan. Azpeitiari dagokionez, San Inazio bere sorterrian izenburupean, historian atzera egiteko aukera emango du bisitak, Loiolako Inazio bizitako lekuak ikusiz. Abuztuaren 7an, 12an, 14an, 18an, 19an, 25ean, 28an eta 30ean egingo dira bisita gidatuak, Sebastian Donearen eliza nagusiko ataritik hasita. Azpeitia gune historikoa: gure almentra txikia da Iraurgi Berritzen-ek eskaintzen duen beste aukera. Ibilbidean zehar alde zaharreko ondare historikoa errepasatuko da, eta garbilekura sartzeko aukera eskainiko dute. Hilaren 6an, 9an, 16an eta 22an izango dira hitzorduak, plaza nagusitik hasita. Bisita guztiak eguerdiko 12:00etan izango dira, bi euroren truke. Informazio gehiago eta erreserbak 943-151878 telefono zenbakian edo i-loiola@urolaturismo.eus webgunean egin daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide