Joseba Lizarralde: "Ahal dugun guztia egingo dugu taldea goian mantentzeko"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 29a

Espainiako Emakumeen Lehen Mailan jokatuko dute Iraurgi Saskibaloiko neskek. Espainiako Bigarren Mailara igotzekoak ziren, baina izapideekin izandako arazoak tarteko aldatu da egoera.

(E. Albizu Lizaso) «Konpromisoa hartu genuen, eta garbi adierazi genien jokalariei ere: ahal dugun guztia egingo dugu talde hau goian mantentzeko». Hala azaldu du Joseba Lizarralde Rubio Iraurgi Saskibaloi taldeko emakumeen entrenatzaileak taldea Espainiako Emakumeen Lehen Mailara igo izana. Izan ere, Nazional 1 Mailatik Espainiako Bigarren Mailara igo ziren, izatez, Zurt ISBko jokalariak joan den denboraldian. Arazoa zera da, Iraurgik ezin izan zituela izapide guztiak aurkeztu uztailaren 3rako, paper kontuak aurkezteko azken egunerako. Berme-agiria falta zitzaion klubari. Hori dela-eta, gelditu ziren haiek Bigarren Mailatik kanpo. Federazioak klubari erabakiaren berri eman zionerako, haiek ukatuta zuten jada Nazional 1 Mailako postua. Beraz, Lizarraldek azaldu duenez, Gipuzkoako maila xumeenean jokatzea zen haien aukera bakarra. «Ikusi genuen Lehen Mailan jokatu behar zuen talde batek uko egin ziola postuari, eta erabaki genuen leku hori eskatzea», azaldu du. Izan ere, bi aukera zituzten, maila altuenean jokatzea edo behe-behetik hastea. «Talde hau oso borrokalaria da, beraien izerdi eta esfortzuarekin lortu dute guztia; beraien ibilbidea egin dute, apurka-apurka eskailerak igota», nabarmendu du Rubio-k. Horregatik eta taldearengan «konpromiso eta konfiantza» guztia dutelako erabaki zuten, behera begira beharrean, gora begira jartzea.

Ekonomikoki, antzeratsu

Lizarraldek azaldu du ekonomikoki ez dela askoz ere esfortzu handiagoa izango klubaretzat Lehen Mailan jokatzea. «Epaileak-eta garestiagoak izango dira, baina bidaiak antzekoak dira bi ligetan, eta ez dugu ikusten sekulako aldea», esan du. Finantzaketa lanak errazteko, babesle bila ari dira orain Iraurgiko kideak, uste baitute, oro har, inguruetako egoera ekonomikoa oso oparoa ez den arren, enpresa asko egon daitezkeela interesatuta Lehen Mailako talde bat babesteko. Taldeko kideek badakite denboraldi gogorra dutela aurretik, «Europara begira» dauden kluben aurka jokatu beharko baitute. Hala ere, Iraurgik etxeko neskekin jokatzeko erabakia hartu du; bi edo hiru fitxaketa egingo badituzte ere, «klubaren harrobia izango da oinarria». «Azpeitiko zortzi jokalari eta Azkoitiko bat ditugu, eta haiei helduko diegu», esan du. Entrenatzaileak dio «lan txukuna» egingo dutela neskek, eta «bati baino gehiagori sustoren bat» emango diotela: «Borrokatu gabe ez gara geratuko, hori da gure neskak berezi egiten dituena». Taldearen eta herriaren «izen ona» zabaltzen saiatuko direla ere esan du entrenatzaileak. Horretarako aukera izango irailaren azken asteburuan, etxean, Azpeitian, hartuko baitituzte Kanariar Uharteetako jokalariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide