Igandeko ekitaldian, Urtzi semearekin (Argazkia: Uztarria.eus)
Urteak igaro ditu Azpeitiko eta Azkoitiko irudiak biltzen, oroitzapenak gordetzen. Urteak jaietan eta ekitaldietan grabazioak egiten, argazkiak ateratzen, poza eta tristura hilezkortzen. Kultur Mahaiak ohorezko bazkide egin du Nicolas Oteiza
Kaito, eta igandean bera jarri zen kameren aurrean, une batez, protagonista papera hartuta. Kultur Mahaiak «kulturaren transmisioaren alde» eginiko lana aitortu zion Sangustinen.
Bideo emanaldi batekin hasi zen ekitaldia, Kaitoren bizitzaren errepasoa egin zuten grabazioarekin; eta, ondoren, Oteizak berak hartu zuen hitza, eskerrak emateko. Kaitoren seme Urtzi Oteizak ere opari bat eman zion aitari, eta txalo artean bukatu zen igandeko hitzordua.
Kaitoren gutuna
Kultur Mahaiko hirugarren ohorezko bazkidea da Kaito. Imanol Elias historiagileari eta Manolo Sanjuan tailagileari aitortu diote beraien lana, orain artean, modu horretara. Kultur taldeek, udal taldeek, kultur teknikariek, norbanakoek eta Sanagustineko zuzendaritzako kideek osatzen dute Kultur Mahaia.
«Harriduraz eta emozioz» ari da bizitzen esperientzia hau Kaito. Hala azaldu du gutun batean. «Zenbat eskertza idatzi, zenbat hitz goxo kalean; eta guztia, gustuko izan dudan lana egiteagatik», azaldu du Oteizak. Esan du gustukoa izan arren, lanak «ardura» dakarrela berarekin, baina uste du «merezi duen zeregina» bete duela urte luzez.
«Laurogeigarren hamarkadan argazkilaritzatik bideora salto egin nuen garaia datorkit burura, abentura hartara, asko pentsatu gabe salto egin nuenekoa», adierazi du. Orduan bihurtu zen egi, Kaitoren arabera, Azpeitian telebista izatearen «amets zoroa». Urte hauetan 2.600 bideo-zinta eta 4.500 orduko artxibo potoloa osatu du. «Azpeitiko eta Azkoitiko historiaren zati handi bat dugu bideoan. Denona den historia zati bat».
Artxiboko irudian, Urtzi semearekin (Argazkia: Uztarria)
«Gustura eta lasai» dago Oteiza berak sortutako telebistaren etorkizunari begira. «Kaito Telebista zena eta orain Erlo Telebista dena bizirik dagoelako nago gustura», esan du. Hasieran zalantzak izan bazituen ere, proiektua gorpuztea lortu dutelako, eta horretan sinisten duelako. Horrez gain, esan du meritua ez dela berea bakarrik: «Laguntzaileak, animoak... jende asko izan dut alboan. Izenak idazten hasiko banintz, hanka sartuko nuke bateren bat kanpoan utzita, eta ez dut egingo». Laguntzaile guztiek bere «miresmen osoa» dutela esan du kameralariak. «Ez nukeen izango zer grabaturik urte hauetan eman dizkidazuen erraztasunik gabe».