2 eta 1 irabazi zuten azpeitiarrek finala Iruñeko Labriten, larunbatean, Uharteren kontra. Gipuzkoako txapela ere Azpeitiak eskuratu du denboraldi honetan.
Euskal Herriko Eskuzko Herriarteko Txapelketa irabazi du Azpeitiak. Larunbatean jokatu zuten lehia, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 2 eta 1 irabazi zioten Uharteri Ilunpeko pilotariek. Kadeteek eta seniorrek irabazi zituzten azpeitiarren partidak, eta jubeniletan nafarrak izan ziren garaile. Mikel Unanue, Jon Alberdi, Gorka Iriarte, Julen Egiguren, Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo dira Azpeitiko irabazleak. Horiekin, Gipuzkoako Herriartekoa irabazi du aurten Ilunpek, baita historiako bigarren Euskal Herriko Herriarteko txapela ere.Jon Alberdik azaldu du «oso lasai» jokatu zutela beraiek finala. «Gure partida erraza izan zen, eta ez genuen izan arazorik». 22 eta 1 irabazi zuten kadeteek. Bigarrengoan, ohi bezala, sufritzea suertatu zitzaien azpeitiarrei, eta 8 eta 22 galdu zuten. Alberdik azaldu du seniorrak zeudela urdurien larunbatean, haien partidak erabaki baitzuen guztia: «Oso gogorra izan zen zaharrenen partia». Haiek 22 eta 16 gailendu ziren Uhartekoen aurka.
Harrera beroa egin zieten pilotariei Azpeitiko plazan, jendez bete zen hura. «Espero genuena baino jende gehiago zegoen, eta apur bat lotsatuta igo ginen. Benetan eskertzekoa da herriaren babesa, beti hor egon dira», azaldu du pilotari gazteak.
Koadrilakoak aipatu nahi izan ditu Alberdik, «beti laguntzen eta animatzen» ibili direlako.