Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat jo du Gallardo taldeak langileak bidali izana

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 24a

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Gallardo Balboa taldeari, eta babestu egin du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak kalera botatzeko erabakia. Atzo, osteguna, izan zuen enpresak epaiaren berri. Enpresaren arabera, Gorenak jakinarazi du ontzat ematen dituela hartutako neurriak, "haiek ekintzen indarrari erantzuten dielako". Grupo Gallardo Balboak jakinarazi duenez, enpresak eta aholkulari juridikoek eginiko kudeaketa eta esfortzua "babestu eta sostengatu" du Espainiako Auzitegi Gorenak. Haien hitzetan, siderurgiaren sektoreak "beharrezkoa" zuen aldaketak egitea, haren "gaitasunaren gainetik" zeudelako baliabideak. Eginiko murrizketek ahalbidetu dute sektorearen errentagarritasuna "berreskuratzea", Gallardo Balboa taldearen arabera. Enpresak jakinarazi du "nahigabea" sentitzen duela lanpostua galdu duten pertsonak ezingo dituztelako txertatu beste proiektu batzuetan. Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileentzat ez ezik, erabaki bera hartu du Gorenak Extremadurako beharginez.

ELA eta LABen helegitea

2014ko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Gallardo Taldeari eman zion arrazoia, 2013an aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren harira. Haren egokitasuna justifikatu zuen Nazionalak, eta ontzat eman zuen kaleratze kolektiboa, "arrazoi ekonomiko eta produktiboak frogatu zirelako". Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek helegitea jarri zioten erabakiari. Gallardo Taldeak 2013ko apirilean aurkeztu zuen txostena onartuta, Azpeitiko lantegia itxi zuten, eta Lasaoko 38 langile kaleratu zituzten. Guztira, 300 pertsonatik gora gelditu ziren lanik gabe. Extremadurako lantegietan ere 34 langile kaleratu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide