Aitor Gurrutxaga: "Gure txikitasunean, ahalmen handiagoa dugu taldean"

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 24a

Munibe Group sortu dute Azkoitiko eta Azpeitiko mekaniztauko bost enpresa txikik

Munibe Group sortu berri dute mekanizatu sektorean 50 urteko esperientzia duten Azkoitiko eta Azpeitiko bost enpresa txikik: Alberdi, Ekintza, Murua, Arrieta eta Gurrutxaga. "Denok familia enpresa txikiak gara, lau kilometroren barruan gaudenak", dio Aitor Gurrutxaga (Azpeitia, 1972) Azpeitiko Mecanizados Gurrutxaga enpresakoak. Elkarren lehiakide izan dira, eta batak bestea hala ikusi du orain arte. Orain, bakoitza enpresa bat da bere kabuz, baina era berean taldean ari dira. Talde bat osatu dute 90 langilekoa, eta, denen artean, bederatzi milioiko fakturazioa dute. Barakaldoko BECen aurkeztu zuten Munibe Group taldea publikoki maiatz bukaeran, azoka batean. "Munibe Group luzerako proiektu bat da, eta egunerokoak eramango gaitu. Unean unekoaz ari gara, baina taldeko bileratik bilerara zerbait gehiago gara". Orain bi hilabete ezagutarazi zenuten Munibe Group, baina noiz hasi zineten proiektuarekin lanean? Badira hamar bat hilabete gure artean hainbat gauza egiten hasi ginela, Iraurgi Berritzen-ek sustatutako ekintza batzuetan parte hartuz: prestakuntza, hausnarketa estrategikoak... Elkar gehiago ezagutzen hasita geunden. Bueno, elkar betidanik izan dugu elkarren berri, baina gehiago lehiakide moduan. Eta, halako batean, talde bat osatzeko proposamena jaso zenuten? Bai, Iraurgi Berritzen-eko Jon Zubizarretak planteamendu bat ipini zigun mahai gainean: mekanizatuko lantegi batzuek talde bat osatzea edo kolaborazioak egiten hastea. Hasieran, proposamena pixka bat gogorra izan zen, zure lehiakide zuzena duzun horrekin elkarlanean aritzeko zelako. Hor, urte askotako zera bat dago, familiako enpresa txikien artean aspaldiko kontu asko egoten da. Dena den, gaur egun, beste belaunaldi batekoak ari gara lantegiak kudeatzen. Proposamenak harritu egin gintuen, baina ekin egin genion. Iraurgi Berritzen-en lana gakoa izan da; hasieran, akuilu lana egin behar izan zuten, gu biltzeko eta biltzen jarraitzeko. Orain, berriz, ez daukagu asko zirikatu beharrik, eta oso gustura gaude. Taldea sortzeko bidean, nola lortu zenuten elkarrenganako konfiantza? Biltzen hasi, eta gehiago sakonduz joan ginen pixkanaka. Eta behin, bilera batean, proposamena egin ziguten tailerrak zeuden bezalaxe erakusteko elkarri arratsaldean: gure enpresako ateak ireki eta erakustea elkarri. Hori guztiontzako momentu klabea izan zen. Elkarren tailerretara sartu, eta gauzak zeuden bezala erakutsi genizkion elkarri. Hustu bezala egin ginen, ia dena erakutsi genion batak besteari, eta, hortik aurrera, talde moduan aurkezteko asmoa lantzen hasi ginen. Krisiaren eraginez hartutako bideetako bat izan al da taldea sortzea? Horretan, gure kasua berezia izan da. Esaterako, 2010ean, denok justuago ibili ginen, garai zailagoa izan zen. Baina, Munibe Groupen kontuarekin hasi ginenean, denok nahiko lan genuen, eta ez zen izan presaka zerbait egin beharra zegoelako. Denok lana izate horrek lasaitasuna eman digu, gauzak lasaiago hartzeko, eta antsietate hori gabe. Eguneroko horrek sinetsarazi digu bakarrik ginena baino gehiago izan gaitezkeela, eta batura honek hobekuntzak ekarriko dizkigula denoi banaka ere. Horrelako erabaki bat hartzeko orduan, enpresa bateko arduradun moduan, beldur pixka bat ere emango du, ezta hala? Aurreneko une horretan, handia da beldurra. Benetan sinetsi behar duzu egitera zoazen horretan. Azkenean, denok gauza bera pentsatzen dugunean errazagoa da, eta geuk ikusten genuen lehiakide izan ginela, baina elkarrekin asko egin genezakeela hobera. Gero, eguneroko horrek esan digu beldur hori gehiago zela lehendik zetozen mamu psikologikoek edo jarritako langek eragindakoa, benetan errealitatean dagoena baino. Munibe Group taldeak zer eman dizue? Bostok batuta eskaintzen dugun gaitasuna handiagoa da: bai eskaerei edo bezeroei erantzuteko garaian, eta bai beste kontu batzuetan ere. Gero, gure esku dago horretan bizkorrak izatea, eta hori lantzen ari gara. Epeak oso motzak direlako batek bakarrik lan bati erantzun ezin dionean, elkarri laguntzen diogu. Gure txikitasunean, gaitasun eta ahalmen handiagoa dugu taldean. Hasieran gaude oraindik, baina ikusten hasiak gara askoz gauza gehiago egiteko modua daukagula. Elkarrekin errazagoa izango duzue, orain, azoketara joateko. Bai, eta, gainera, askoz erakargarriagoa da bezeroarentzat. Pentsa, lehen, bostotatik bi bakarrik zeuden izanda azoka batean; beste hirurok urrutiko gauza bat izango balitz bezala ikusten genuen, txikitasun horretan zure bezeroen inguruan zabiltzalako. Taldeak ikuspegi zabalagoa ematen digu, eta gauza batzuk sinetsarazten dizkigu. Ilusio berri bat ere bada zuen enpresentzat? Pizgarri bat da, bai langileentzako eta bai denontzat ere. Gauza hauek, azkenean, piztu egiten zaituzte, eta, motibazio aldetik, inportanteak dira denontzat. Inor etorri al zaizue taldearen sorreraren nondik norakoaz galdezka? Bai, esate baterako, aurreko batean hitzaldi bat eman genuen Adegin, fusioak-eta nola egin daitezkeen familia enpresa txikien eta lehiakide izan direnen artean, eta zer eratara lortu dugun orain daukagun harreman hau. Gero, hedabide askotatik deitu digute taldearen berri emateko eskatzeko. Bi hilabeteotan, taldean aritzearen onurak ikusiko zenituzten; baina hobetu beharrekorik ba al da? Bai, zalantzarik gabe egunero zerbait dago hobetzeko. Taldekook orain arte ondo moldatu gara zerbait atera den bakoitzean mahai gainera atera dugulako. Taldearen barruan gardentasunak derrigorrezkoa izan behar zuela hasieratik azpimarratu genuen; bestela, taldeak bi egun ere ez zuen iraungo. Hasieratik esan genuen bakoitzaren bezero garrantzitsuenak bakoitzarenak direla. Bakoitza tailer bat da bere kabuz, nahiz eta gero taldean egon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide