Atzoko etapa "gogorraren" ostean, denbora galdu du Elorzak Leongo Itzulian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 24a

Asteazkenean bigarren etapa irabazi zuen txirrindulariak, eta maillot berdea jantzi zuen. Atzo heldu egin zion maillot berdeari, baina zaila izango du sailkapen nagusiko podiuma zapaltzea.

Mikel Elorza (Ana Abarisketa) Atzoko, osteguneko, etaparen otean, "txikituta" gelditu da Leongo Itzuliko sailkapen nagusia. Hala azaldu du Mikel Elorza (Ampo) txirrindulari azkoitiarrak. 26 minutu galdu zituen hark atzoko lasterketan, beste kirolari askok bezala. Izan ere, "oso gogorra" izan zen proba, eta Elorza bera ere "gorputzaldi txarrarekin" sentitu zen. "Gogorra izan zen, eta beroak ere ez zuen lagundu. Lasterketa bukatu aurretik mendate gogorra geneukan, eta hura igotzen hasi baino lehen zeuden aldapa batzuetan gelditu ziren txirrindulari asko", azaldu du azkoitiarrak. "Ni ez nijoan ondo, eta lehenago gelditu behar izan nuen", gehitu du. Atzo goizean esan zuen Mikel Elorzak bere helburua Leongo Itzuliko sailkapen nagusian podiuma zapaltzea zela, baina hirugarren etaparen ostean aldatu egin da egoera. "Oraindik ez dugu taldeko bilera egin, baina pentsatzen dut ihesaldiren batean sartzea izango dela gaur gure helburua. Izan ere, sailapenean lehena doan taldekideak ere minutu batzuk galduak ditu", azaldu du Elorzak. Beraz, konplexua ikusten du hark nagusia lehiatzea. Dena dela, atzo eutsi egin zion Ampoko ziklistak maillot berdeari. Elorzak esan du saiatuko dela hori mantentzen, baina "zaila" ikusten duela aurrerantzean hari heltzea, saikapen nagusirako lehiatzen ari direnek ere lan ona egingo dutelako.

Etxetik emandako helburua bete du

Afizionatuen Leongo Itzuliko bigarren lasterketa irabazi zuen Mikel Elorza txirrindulari azkoitiarrak asteazkenean. Etapa bat irabazteko asmoarekin abiatu zen etxetik Elorza, eta dagoeneko lortu du hasiera-hasierako helburua. Garaipenak "indarra" eman zion txirrindulariari aurrera egiteko. Etapa irabazteaz gain, erregulartasunaren maillot berdea jantzi zuen Ampo taldekoak asteazkeneko etaparen ostean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide