(E. Albizu Lizaso)
Hilabete luzez lan egin dute Marea Arroxako kideek Santio eta San Inazio jaiak prestatzen, eta dagoeneko festen atarian dira azpeitiarrak. Jaiak «herritik eta herriarentzat» antolatutu asmoz egin du lan Haujijijai festa batzordeak, eta «auzolana, euskara, parekidetasuna eta ingurumena» izan dituzte ardatz; beti ere, «herritik urrun daudenak gogoan» izanda. Astero-astero bildu da festa batzordea udaletxe azpiko arkupeetan, eta beraien helburua izan da «adin guztietako herritarrek» festetan parte hartzeko aukera izatea.
Festa batzordeko kideek ez dute albo batera utzi aldarrikapena; eta, besteak beste, nabarmendu dute Herriko Tabernen auzia. «Festetatik hasita, zapalkuntza gabeko Euskal Herri librea eraiki behar da», adierazi dute.
Baloreak bistan
Banan bana azaldu dituzte Marea Arroxako kideek batzordeko baloreak errespetatzeko eginiko lana.
Euskarari dagokionez, adibidez, azaldu dute «gauzarik txikienak» ere saiatu direla zaintzen. Hori dela-eta, fakturazioa euskaraz egin dute, taldeak aukeratzerakoan hizkuntza kontuan izan dute eta tabernariei eskatu diete euskarazko abestiak jartzeko, besteak beste. «Festa hauek euskaraz ez badira, ezin direla ulertu», nabarmendu dute.
Jai parekide eta feministak lortzeko helburuarekin, berriz, emakume oro «eroso» sentitu dadin neurriak hartuko dituztela esan dute: «Kaleko txoko guztietan dantzan, irribarrez, saltsan ibiliko gara». Beste urteetan bezala, abuztuaren 1erako egitasmo bat antolatu dute emakumeen askatasuna xede,
Emakumeok plazara!: «Plaza hartuko dugu hainbat emakume elkartu eta elkarrekin konektatu eta indartzeko».
Ingurumena zaintzeko saiakerari dagokionez, janariaz arduratzen den lantaldeak esan du material berrerabilgarria erabiliko dutela beste urteetan bezala. Janariari begira, herriko eta inguruko merkatarien produktuak erabiltzen dituztela azaldu dute: «Hemengo produktuekin egingo direlako hemengo festak».
Egitaraua
Uztailak 24, ostirala, Preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna:
19:00etan elkartasunaren soka.
19:30ean ekitaldia.
Ondoren, luntxa musikaz alaituta.
Uztailak 25, zapatua, Baserritarren eguna
18:00etan kantu poteoa San Martin egoitzatik hasita.
Uztailak 16, igandea, umeen eguna
14:00etan umeen bazkaria eta jarraian jolasak.
17:00etan kalejira Alde Zaharreko kaleetan zehar.
19:00etan gaztetxoen Festa.
Uztailak 30, osteguna, saninazio bezpera:
11:00etan hamaiketakoa plazan.
11:30ean saltsa arroxa plazan.
12:00etan txupinazoa.
12:05ean Marea Arroxa.
15:00etan herri bazkaria. Jarraian, jolasak txosnagunean eta txosnen irekiera.
22:00etan Lockheed-en kontzertua txosnagunean.
00:30ean Tajon Prieto y los Kuajolotes-ren kontzertua txosnagunean.
02:00etan Erokomeriren erromeria txosnagunean.
Uztailak 31, ostirala, saninazio eguna:
14:30ean txomingeroen bazkaria Erdikalean.
18:00etan txomingero jolasak Eguenero elektrotxarangak lagunduta.
22:00etan Kaluseren kontzertua txosnagunean.
Ondoren, Ernairen ekitaldia.
00:30ean Las Tuerkasen kontzertua txosnagunean.
01:30ean Osso taldearen kontzertua txosnagunean.
Abuztuak 1, zapatua, gau pasa eguna:
11:00etan Bakailao Txapelketa plazan.
14:30ean bazkaria Berdura Plazan.
17:00etan Mus Txapelketa Sanagustin Kulturgunean (16:30ean hasiko da izen ematea, kulturgunean bertan).
18:30ean Emakumeok kalera! plazan.
22:00etan Katekesisen kontzertua txosnagunean.
00:30ean Egurra ta kitto! taldearen kontzertua txosnagunean.
02:00etan Dj Map-H txosnagunean.
Abuztuak 2, igandea:
08:00etan gaupaseroen argazkia plazan.
10:30ean Bertso-Pala Frontoi Txikian. Herriko neska-mutilen pala partida Xebastian Lizaso eta Iñigo Ibañez bertsolariekin.
19:00etan erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldia, plazan.
00:30ean Las Tea Party-ren kontzertua txosnagunean.