Azpeitiko Sagardo Txapelketako txapela jaso zuen iaz Astigarragako Irigoien-Herrero sagardotegiko Iñaki Irigoienek. Aurten ere bere sagardoa ekarriko du larunbatean jokatuko den XLIII. Sagardo Txapelketara.
Iaz txapela irabazi zenuen Azpeitian. Zenbat urte dira bertako sagardo txapelketan parte hartzen hasi zinetela?
Urte asko. Gure aitonak egiten zuen sagardoa, eta nire aita hasi zen sagardo munduko lehiaketetara joaten. Azpeitira ez dakit zenbat urtetan joan garen, baina seguraski hasieratik.
Gaur egun herri askotan antolatzen dira sagardo txapelketak. Azpeitikoak zer du berezia?
Alde batetik, betikoa dela, urte asko daramazkite txapelketa egiten; ez da beste herri askotan bezala, azken urteotan jaio baitira. Bestetik, denok dakigu Azpeitia sagardozalea edo sagardo edale asko dituena dela. Sagardoaren kultura bat badago, eta baserri askotan egiten da sagardoa. Azpeitia sagardo mundua asko bizi duen herri bat da.
Azpeitiko lehiaketak, gainera, badu beste berezitasun bat: 23 sagardogilek parte hartzen dute, eta berririk sartzeko tokirik ez du.
Gehienok joan nahi dugu Azpeitira, eta besteren batek sartzeko bateren batek atera egin beharko luke lehiaketatik. Baina, dagoeneko nahiko sagardozale joaten gara, eta gehiegi ere ez litzateke ona izango lehiaketa baterako.
Azpeitira sagardoa ekartzeko orduan, zer hartzen duzu kontuan?
Guk egiten duguna azalduko dizut nik: bezero dezente ditugu Azpeitian eta inguruan, eta gutxi gorabehera badakigu zer sagardo mota gustatzen den. Esango nuke, inguru horretan sagardo suabe samarra gustatzen dela. Donostia aldean, berriz, gehiago gustatzen da bizi samarra edo sagardo eginagoa. Hori kontuan eduki, eta sagardo on bat eramanez gero, hortik aurrera badakigu gehienak sagardo onak izango direla, eta zorte pixka bat eduki behar da.
Iaz aurreneko saria atera zenuten Azpeitian, baina aurreko urteren batean beste saririk irabazi al duzue?
Buruz ez dakit, baina lau-bost txapel baditut etxean jasota, eta gero, bigarren eta hirugarren sari batzuk ere bai.
Zuentzako garrantzitsua al da Azpeitian txapela irabaztea?
Bai. Guk herri oso gutxitako lehiaketetan hartzen dugu parte. Lehen esan bezala, nire aitona hasi zen sagardoa egiten, eta beraiek bost bat lehiaketetara joaten hasi ziren, eta nik horiek bakarrik mantentzen ditut. Eta, noski, txapela irabazteak ilusio berezia egiten du, bai gugatik, bai dauzkagun bezeroei begira. Azkenean, ona da haientzako, eta guretzako, oraindik gehiago.
Herritarrek emandako saria ere ematen da Azpeitiko sagardo txapelketan. Hori ere ona al da?
Bai, noski, beste irudipen bat delako azkenean. Urte guztian sagardoa edaten duen jendeak dastatzen du kasu horretan, eta iritzi hori ere garrantzitsua da. Badakigu, epaimahaikide aritzen direnek sagardoa probatzen-eta ohituago eta sagardo munduko matiz gehiago ezagutuko dituztela seguraski. Baina guretzako kaleko jendeari zer gustatzen zaion jakitea ere oso garrantzitsua da.
Zuek egindako sagardoa izaten da txapelketan, baina zeu ere etortzen al zara Azpeitira egun horretan?
Urtero ni joan izan naiz, baina kasualitatez iaz ez nintzen azaldu, bezperan aita izan nintzelako. Txapelketa irabazi nuenean, Sebastian Lizasok deitu zidan zorionak emateko. Pentsatu nuen aita izan nintzelako deitu zidala, eta ez; sagardo txapelketa irabazi nuela esateko deitu zidan Lizasok.