Azpeitiko plazako obrak bukatuta egongo dira Santio eta San Inazio jaietarako. Aitor Bereziartua Hirigintza batzordeburuak esan du azpeitiarrek festetan estreinatuko dutela plaza berria: "Plaza eta kioskoak izan dezaketen inaugurazio hoberena izango dute". Azpeitiko Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei, obrak iraun bitartean izan duten pazientziagatik. Ordezkarien ustez, emaitzak "merezi du".
Horrez gain azaldu dute lanek jarraitu egingo dutela abuztuan. Goiko kalea egokituta utziko dute jaietarako; baina bukatu, abuztuan bukatuko dute, baita berdura plaza ere. Bestalde, Udalak azaldu du jaietan estalki bat jarriko diotela berdura plazari, "segurtasun arrazoiak" tarteko.