Azpeitian 43. urtez Sagardo Txapelketa jokatuko da larunbatean

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 22a

Santio Egunez Baserritarren Eguna ospatuko da

Azpeitiko Sagardo Txapelketa Gipuzkoako zaharrenetakoa da. Aurten, 43. aldiz jokatuko da larunbatean, uztailaren 25ean. Azken urteetan ohi bezala 23 sagardogilek hartuko dute parte herriko plazan jokatuko den lehian; tokiak ematen duen adina sagardogile. Goikabi, Landeta eta Loiolatxo elkartekoak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartekoak dira antolatzaileak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Lehiaketako txapela eta herritarrek emandako saria banatuko dira sagardo txapelketaren baitan. 11:00etan hasiko da. Azpeitiko Sagardo Txapelketaren aurkezpena, antolatzaileak Añota sagardotegian (Nerea Uranga /Hitza). Hiru mila sagardo botila inguru egongo dira. 3 eurotan edalontzia erosi, eta edalontzi hori dutenek nahi adina sagardo edateko aukera izango dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten ere epaimahaikideen artean emakumeak izateko "ahalegin berezia" egin dute, baina inor ez da animatu: "Deialdi berezia egin genuen aurretik, nola izaten zen eta azaltzeko eta kata bat egiteko. Baina, inor ez zen animatu. Gero, kanpotik etnologo bat ekartzen ere saiatu gara, baina ez dugu lortu". Plazako sagardogileen postuetan sagardoa ateratzen jarduteko boluntarioak behar direla ere azaldu dute txapelketaren antolatzaileek, eta horretarako prest dagoenik badago larunbat goizean herriko plazako kioskora azaltzeko esan dute. Baina, Santio egunez, sagardo txapelketaz gainera beste hainbat ekitaldi izango da Azpeitian Baserritarren Egunaren barruan. 11:00etan hasita, baita ere Ardi Gazta Txapelketa jokatuko da herriko plazan. Kasu honetan, 27 izango dira parte-hartzaileak.

Pintxoetako dirua Nepaleko haurrei laguntzeko

Edanari laguntzeko gaztaz gainera, txekor eta hegaluze errearen pintxoak ere salduko dituzte plazan. Aurten, 1,5 euro izan beharrean 2 euro kostako da pintxoa. Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak azaldu duenez: "Pintxoetatik jasoko den dirua Nepalgo haurrei laguntzeko bideratu da, Azpeitiak eta Nepalek mendizaletasunarekin duten lotura hori kontutan hartuta". Ganadu erakustaldia ere izango da Astotegian larunbatean, aurten eskualdeko hainbat arrazakoak egongo dira erakusgai, 50 buru inguru. Arratsaldean, berriz, Errekortari Txapelketa jokatuko da zezen plazan, Zezen Beltz Elkarteak antolatuta. 18:30ean da.

Santio Eguneko egitaraua:

UZTAILAK 25, LARUNBATA. Baserritarren eguna. 10:30. Goiz eresia, Azpeitiko Musika Banda eta Izarraitz Txistulari Taldea. 10:30. XXXIV. Tiro txapelketa, Lapatxen. Ollagorra ehiza eta arrantza elkarteak antolatuta. 11:00. Eskualde mailako arraza desberdineko ganadu erakusketa. 11:00. XVII. Ardi Gazta Lehiaketa. 11:00. Hazparnekoei harrera eta ongietorria. 11:30. Nafarroako banderari omenaldia. Perez Arregi plazatik herriko plazara kalejira eta ondoren ohorezko dantza. Azpeitiko Napar Zuzterrak antolatuta. 12:00. XLIII. Sagardo lehiaketa, herriko plazan. 12:00. Bertsolari eta trikitilarien saioa. Nerea Ibarzabal, Beñat lizaso eta Sebastian Lizaso bertsolariak eta Laja aita-semeak, Lutxurdixo eta Berastegi trikitilariak. 18:00. Kantu poteoa, San Martin egoitzatik hasita.goo 18:30. Azpeitiko Errekortari Txapelketa, zezen plazan. Zezen Beltz eta Toropasion-ek antolatuta. 19:30-22:30. Jainekin txarangaren kalejira. 23:00. Elvisabuelo Gospel Band taldearen kontzetua, herriko plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide