Alberdi, Egiguren, Unanue eta Iriarte, Herriarteko taldeko kideak. (E. Albizu Lizaso)
Herriartekoaren taldeko pilotari gazteenak dira Mikel Unanue, Jon Alberdi, Gorka Iriarte eta Julen Egiguren. Txiki-txikitatik bizi izan dute laurek pilotarako grina, eta aurtengoan, lehen aldiz lehiatu dira Herriarteko txapelketan. Sei-zazpi urterekin hasi ziren pilotan Iriarte eta Egiguren; eta zortzi urterekin, Unanue. Alberdik, berriz, bost urterekin ekin zion kirol hau esploratzeari, haurra zenetik etxeko paretan ibiltzen baitzen hura pilotari joka, eta Frontoi Txikira eraman zuen aitak.
Unanuek eta Alberdik kadeteen bikotea osatzen dute; eta jubenilena, berriz, Iriartek eta Egigurenek. Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo seniorrekin batera jokatuko dute Euskal Herriko Herriarteko finala larunbatean, 10:30etik aurrera, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Nafarroako txapeldunak izango dituzte aurrez aurre, Uharteko pilotariak. Hirugarren aldiz jokatuko du Azpeitiak halako final bat.
«Hasieran ez genuen espero honaino iristerik, baina partidaz partida egin dugu aurrera, eta ikusi dugu lan ona egiteko gai garela». Hala azaldu du Jon Alberdi pilotariak. Izan ere, jubenilik ez zutela-eta, aurkeztu edo ez, zalantza ibili ziren Ilunpe pilota elkarteko kideak.
Aurrera egitea erabaki zuten haiek, eta bi kadetek bete dute jubenilen lekua; Iriartek eta Egigurenek, hain zuzen. Iriartek esan du «paper zaila» suertatu zaiela beraiei: «Jubenilen aurka jokatzea ez da izan erraza; baina, bestalde, guk izan dugu presio gutxien, ikusten baigenuen ia ezinezkoa zela guk norgehiagoak irabaztea. Eginiko lanarekin gustura gaude». Egigurenek azaldu du nabarmena dela adin horretan tartea, eta «urduri» hasi zutela txapelketa. Hala ere, «gero eta lasaiago» sentitu dira haiek kantxan, eta jendearen babesak ere lagundu die: «Nahiz eta gauzak ondo ez irten, Frontoi Txikiko ikusleek beti animatu gaituzte, beti izan dituzte hitz onak guretzat, horrek lagundu egiten du».
«Garrantzitsua eta pozgarria» izan zen jubenilen mailan jokatzen duten azpeitiarrentzat Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalean partida irabaztea. Uztailaren 5ean jokatu zuen Tolosaren kontra Gipuzkoako Herriarteko finala Azpeitiak, eta hiru partidatik hiru irabazi zituzten Atano III.a pilotalekuan.
Iriarte eta Egiguren ez dira, ordea, pilotari helduagoen aurka jokatzen duten bakarrak. Unanue infantila da berez, baina kadeteekin jokatzea suertatu zaio aurtengoan. Alberdi du bikotekide. «Ondo sentitu naiz zaharragoekin jokatzen, Jon bera ere zaharragoa da, eta aukera eman dit harengandik ikasteko», azaldu du Unanuek.
Txapelketa berezia
Iriarte, Egiguren, Alberdi eta Unanue. (E. Albizu Lizaso)
Txapelketa berezia da Herriartekoa, pilotariek herriaren izenean jokatzen dutelako eta hiru partidetako tanto guztiak kontatzen direlako. Alberdi eta Unanue, esate baterako, lehenak izaten dira beti pilotalekura irteten, eta «ardura berezia» sentitzen dute: «Tanteoa garrantzitsua da Herriartekoan, egindako tanto bakoitzak du balioa, eta zaila da hori buruan duzula joko ona egin eta gozatzea», azaldu du Alberdik. Bestalde, ikusten dute txapelketak bestelako partidek ez duten oihartzuna sortzen duela. «Jende asko etortzen da animatzera, bestelako partidetan ikusten ez duzun jendea, horrek berezi egiten du», esan du Egigurenek. Unanuek bat egiten du Ilunpeko lagunarekin: «Askoz jende gehiago egoten da Herriartekoetan, nahiz eta neu lasaiago egoten naizen ikusle gutxiagorekin. Hala ere, animoak ere sendoagoak izan ohi dira, eta horrek ilusioa egiten du».
Herriaren izena daramate pilotariek bizkarrean kantxara irteten diren bakoitzean, baina lau gazteek argi dute horregatik ez dutela sentitzen «presio handiagoa».
Giltza, amaieran
Larunbateko partidari begira jarri dira lau pilotari gazteak, eta nahikoa argi ikusten dituzte gauzak. Haien ustez, kadeteek aukera dute partida txukuna egin, eta hura irabazteko. Zailagoa da hori jubenilen kasuan; beraz, seniorren norgehiagokan egongo da giltza. Laurek sinisten dute garaipenean, sasoi betean iritsi baitira bukaerara. «Hasierako motibazio berarekin gaude, eta dugun guztia emango dugu».
Denboraz gain, «sakrifizioa» dute hizpide gazteek. Pilotariek ikusten dute beste kirol batzuetan, adibidez, futbolean, lagun artean joaten direla entrenatzera; pilota, ordea, «ia-ia bakarkako lana» da. «Bakarkako kirola da hau, zuk egiten ez baduzu ez du inork egingo. Kantxan zu bakarrik egoten zara; pilotari on bat etorri, eta 22 eta 2 galtzen baduzu, zuk galdu duzu, ez taldeak edo elkarteak», nabarmendu du Egigurenek. Irabazitakoan ere, asebetetzea «ikaragarria» dela esan dute, ordea.
Laurek dute amets profesionaletan jokatzea. Pilotan jarraituko dute, «ahalik eta gehien». Ahalegina egingo dute, eta «sufritzen» jarraitu nahi dute. «Egunero saiatuko gara gure helburuak lortzen. Hala ere, pilotak dagoeneko asko eskaini digu, lagun asko egin ditugu, eta gozatzeko leku bat eman digu», esan du Alberdik.